Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Sinesten dutenak

Mirarietan sinesten duzu? Inoiz desiratu al duzu zerbait hainbeste indar eta gogorekin, non bete egin baita? Eta zenbateko esfortzua egin duzu fruitua lortzeko? “Le Monde Diplomatique” hilabetekariak erreportaje bat argitaratu berri du Lourdesko erromesaldiaren ekonomiari buruz, Leon XIV.aren bisita dela eta. Elkarte bateko kide batek honela dio: «Asko kontu pertsonalengatik iristen dira. Ez da gaixotasuna sendatzea bakarrik. Batzuetan, amets espiritualen atzean arazo psikikoak daude. Hona iritsi eta bertan geratzen dira, Ama Birjinak hona deitu dielako». Ongi etorriak. Erasotuen, baztertuen, prekarioen kasua ere kontatzen du testuak, mirariaren ekonomia sortzen. Zenbakietan: 112 hotel eta 8.745 logelarekin, Lourdes Frantziako hirugarren hotel-hiria da gaur egun. Amen.

Hiri sakratu horretatik ia 1.300 kilometrora, beste batzuek ere erromesaldi bati ekiten diote (askotan ez da nahi izaten), mirari bat (ia inoiz ez da gertatzen) betetzeko. Azken horrek, erlijioari lotu gabe, bizitzaren sinpleenari egiten dio erreferentzia: duintasunez bizitzeko nahiari, teilatua izateko nahiari, gosea atzean utzi eta jateko nahiari, erasorik ez jasotzeko nahiari. Baina horretarako, ez luke otoitz egin beharko. Ez dakit Ceuta inoiz santutegi bihurtuko den, ez litzateke nire desioa izanen.