Xabier IZAGA

NEPALEKIKO ELKARTASUNA GASTEIZTIK

Nepalek elkartasun premia handia du hondamendiaren ondoren. Gasteizen bizi den nepaldar batek, Triskari taberna gobernatzen duenak, bermut solidario bat antolatu du datorren igande eguerdian.

Manoj Dhungana, Triskari tabernan.
Manoj Dhungana, Triskari tabernan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gutxituz doa duela astebete Nepal eta Tibet artean uholdeek eta lur jausiek eragindako hondamendiarekiko arreta, baina hildako eta desagertuen kopuruak gora egiten segitzen du. Manoj (Manotx) Dhunganak gogoan du etengabe tragedia hura, eta badu pisuzko arrazoia horretarako, bera nepaldarra baita, azken hamalau urtean Ordizian eta Gasteizen bizi izan den arren. Datorren igandean, hilaren 6an, bermut solidario bat antolatu du gobernatzen duen tabernan, Gasteizko Triskarin. 12.00etatik 15.00ak arte kontsumizioen eta donazioen bidez jasotzen duen dirua Nepalera bidaliko du. Han du Manojek familia, eta abuztuaren 26an haiekin hitz egitea lortu eta onik zeudela jakitean, ahal duen moduan lagundu behar zuela pentsatu zuen. Igandea hautatu zuen, Alavesen eta Osasunaren zaleek sortuko duten giro aparta lagunarteko elkartasunerako aproposa izango baita. Agertzerik izango ez duten bezeroen ekarpenak jasotzen hasi da dagoeneko.