Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Koloredun zapiak

Zapirik ba al duzu? Galdetzen zidan amak goizero etxeko atean, ni kalera irten baino lehen». Horrela hasi zuen Herta Müllerrek literatura Nobel saria jaso zueneko hitzaldia. Aurten nik ez dut apenas zapirik jantzi. Gorria pare bat egunez soilik eta Gasteizko festetan ez naiz sikiera egon. Eskerrak lagun batek herri mina ase didan Martxoak 3 elkarteak espresuki ateratako zapia oparituta.

Aurten zapi bat baliatu behar izan dugu izeba Carmeni agur esateko. Zapi horiek ez dira berak eta gure amak josten zituzten eder eta fin horietakoen modukoak. Gu, jostun onak izatetik urrun, literatur zale amorratuak irten gara.

Aurten ez nintzen eroso sentitzen sanferminez jantzita ospitalera probak egitera joan behar genuenean. Are gutxiago diagnostikoa ezagututa ospatzeko ezer gutxi genuela konfirmatu zenean. Jasotako tratuak, baina, izebak josten zituen hari-zapien samurtasuna ekarri dit gogora.

Orain, maitia, zure burua estaltzeko koloredun zapiak erosi ditugu. «Kapelarik gabeko» emakumeak gogoratu ditut, izebaren etxean bazelako Espainiako 27ko belaunaldiko idazle horietakoren baten libururen bat edo beste. Haiek, kapela kenduta matxinatu ziren, eta, zuk, berriz, datorrenari eginen diozu errebolta, buruan zapirik ederrenak jantzita dituzula.