O. Daguerre eta O. Iriarte
ITSASU

Arto Gorria elkarteak hamargarren urtemuga ospatuko du, Itsasun

Arto gorri aldaera desagertzear zegoelako sortu zuten elkartea zenbait laborarik, duela hamarkada bat. Egun, egoera bestelakoa da: hamalau etxalde daude elkartearen barnean. Urriaren 4an ospatuko du elkarteak urteurrena, Itsasun. Jon Harluxetek, lehendakariak, arto barietatearen berezitasunak azaldu dizkio Mediabask Irratiari.

Hilaren 14an Arto Gorria elkarteak egindako agerraldia.
Hilaren 14an Arto Gorria elkarteak egindako agerraldia. (Patxi BELTZAIZ)

«Duela zenbait urte, arto gorria desagertzeko arriskuan zen, gainerako aspaldiko aldaerak bezala, aldaera industrial estandarizatuen mesedetan. Horren aitzinean, laborari andana bat lan kolektibo baten inguruan bildu zen: euskal laborantzaren ondarearen parte den arto enblematiko hau biderkatu, birsartu eta babestea». Horrela sortu zen duela hamar urte Arto Gorria elkartea; izan ere, Jon Harluxet elkarteko lehendakariak Mediabask Irratiari azaldu zionez, anitzek laborantza biologikoan lan egiten bazuten ere, haziak enpresei erosten zizkieten, genetikoki eraldatutako organismoak garatzen zituzten sozietate berei.

Hamarkada baten ondotik, elkarteak harro dio erronka betetzea lortu duela. Izan ere, hamalau etxaldek osatzen dute egun eragile hori, eta urtero hogei eta hogei eta hamar hektarea artean bideratzen dizkiote artoaren barietate honi. Urtean lautan batzen dira elkarteko kideak; eta, berriki, errota kolektibo bat ere gehitu diote proiektuari. Horrek «kostuak murriztea ahalbidetzen du», baita, aditzera eman zutenez, «kide guziek beren ekoizpena transformatu ahal izatea» ere.

Urteburu biribila ospatzeko, urriaren 4rako egun osoko egitaraua antolatu du Arto Gorria elkarteak, Itsasun, Atharrin. Ekoizle eta artisauen merkatua, errotaren erakustaldia, hitzaldiak eta beste hainbat eskaintza izango dira bertan. Hala ere, hitzordu nagusia bazkariarena izanen da, baina ez da edonolakoa izanen. Harluxetek jakinarazi zuen zenbait chef bertaratuko direla, artoa prestatzeko era ezberdinak erakusteko asmoz: taloa, morokila... Horretarako, Mexikoko sukaldari bat gomitatu dute, bertan nola erabiltzen duten irakasteko; eta Fabien Felmann ere Lapurdiko herrian izanen da. Deserta Marlene Joyaren esku egonen da; berak, adibidez, arto gorrizko euskal pastiza egiten du. Izan ere, elkarteak proiektua abiatu zuenean, hastapenean, helburua hazien autonomia berreskuratzea baizik ez zen; alta, denborak erakutsi die elkartekideei arto horrek ezaugarri bikainak dituela. Euskal Herriko bestei behako bat ematea besterik ez dago: ba al dago talorik gabeko jairik?

Produktuaren kalitatea bermatzeko, laborantza biologikoan dabiltzan etxaldeek arto gorria lantzea ezinbestekoa iruditzen zaie elkartekideei. Norabide horretan, ekoizleka produzitu daitekeen arto gorri kopurua mugatu dute, haien ideia ez baita ekoizle batek anitz egitea, anitzek guti egitea baizik: «Guretzako biodibertsitatearen bermea da; zenbat eta ekoizle gehiago egon, hainbat eta arto ezberdin egoteko aukera gehiago». Hala, elkarteko lehendakariak esplikatu zuen arto gorriak ezin duela laborari baten ekoizpen nagusia izan, osagarria izatea dela egokiena.

Hazien jatorria hautatzeko autonomoa izateak horien bilakaeraren kontrola ere ematen die laborariei, etxalde bakoitzak lur eta eguraldi ezberdinari aurre egin behar izaten baitio. Horregatik, bakoitzak hobekien datorkion hazia landatzen du, eta elkarteak hautaketa egiteko formatzen ditu laborariak. Egokitzeko gaitasun horri esker, Ipar Euskal Herria hunkitu duten idorteei buru egin ahal izan die artoak.

Hala ere, desabantailarik ere badu arto gorriak: biziki handia da, eta haize boladek gogor eragiten diote. Horrenbestez, Arto Gorria elkarteak protokolo bat martxan ezarri du arto-buru apalenak hautatzeko; lehendakariak aitortu du pixkanaka-pixkanaka emaitzak ematen ari dela, baina lan luzea izanen dutela aurretik.