«Dokumental beroa da, gogorra, bira halakoxea izan zelako»
Fermin Muguruzak 2024an eta 2025ean egindako kontzertu bira dokumental bilakatu du, bere poz eta bere min. Gaurkoa ospakizun handi bat izatea nahi du, horregatik, Xanti tabernatik abiatuko dute kalejira «second line» estiloan, eta, ostean, 19.00etan, irekiko dira Belodromoko ateak. Sarrerak amaituta badaude ere, 17.00etan 100 sarrera jarriko dituzte salgai takillan.

«Muguruza 40 FM Tour» bira beste leku batetik bizitzeko aukera da?
Horrelako abentura bat dokumentatu egin behar dela uste dut. Brigadista Sound Sistem diskoa egin nuenean, Bernardo Atxagak esan zidan izugarrizko pena zela grabatu ez izana, eta ez dakizu zenbat aldiz pentsatu dudan horretan. Bira hau pentsatzerakoan erabaki nuen dokumentatu beharra nuela, hau delako “bira guztien ama”. Ondare bezala ere balio duelako, zer dela eta sortu zen hau, zergatik gertatu zen... Nola eta zergatik batu den belaunaldi guztietako jendea kantuan. Eta nik pertsonalki azaltzeko zein balio defendatzen ditudan.
Ander Merinori deitu nion, eta niretzat ere garrantzitsua zen bere baiezkoa, beste zuzendari bat egotea nirekin, beste belaunaldi batekoa, musikaria dena baina bideogintzan buru-belarri dabilena.
Oihana Barrenarekin duzun elkarrizketa da haria. Aizkorek elkartzen zaituzte?
Bira bukatu eta gero, materiala ikusten asko pentsatu izan dut nola egituratu eta eman izaera narratiboa, zerbait ezberdina nahi nuen. “Black is Beltza II: Ainhoa” belodromoan ikusi eta gero idatzi zidan Oihanak esanez bere ahizparekin ikustera joan zela, ikusi zutela emakume arrazializatu bat zela protagonista eta erabat ahaldunduta itzuli zirela etxera. Aizkolaria zela esan zidan eta edozein proiektutarako berarekin kontatzeko; nire ikonografian, aizkorak indar handia izan du eta hori kontatzen dugu bion artean, solasaldi bat sortzen da nik egindako azken lanen artean. Dokumentala ataletan egituratu dugu aizkora bat nola forjatzen den azalduz, metafora bat da.
“Bidasoa 2018-2023” dokumentalean ere hari narratiboa emakume gazte bat da, Amets San Millan, ama Dominikar Errepublikakoa du, eta, aita, euskalduna. Orain istorio denak lotzen dituena Barrena da; aita euskalduna du, eta, ama, Cabo Verdekoa. Ikusgarritasuna ere badago hor: Euskal Herria ez da anitza izango, Euskal Herria anitza da.
Zentsura eta erasoak ere ageri dira. Garrantzitsua da aurpegi guztiak erakustea?
Ezbairik gabe, ezin zen dokumental epel bat izan, dokumentalak beroa izan behar zuen; bira halakoxea izan zelako, dokumentala gogorra da. Ordu bat eta 40 minutuan azken bi urteetan bizitakoa kontatu behar genuen, baita zergatik ari naizen ni horrelako bira bat egiten. Esaterako, Latinoamerikan leku handietan jotzen ari naiz ibilbide oso bat egin dudalako hor, edota Dublinekoa; ni ez nago Dublinen musikaria naizelako bakarrik, engaiatua egon naizelako bizitza osoan eta nagoelako nago; eta horregatik ezagutzen dugu jendea, izan musikan, izan mobilizazioetan.
Era berean, etengabeko jazarpena egon da, Martuteneko kontzertua egiten dugunetik ia amaierara arte. Eraso horiek pizgarri bat ere izan ziren lehenengo kontzertuak egiteko. Valentziako Belreguar hiriko institutuan mural bat eskaini zidaten eta bertako zuzendariek deklaratzera joan behar izan zuten. Oscar sarietarako hautatzen naute eta hiria kartelez betetzen da, Meridako Voxeko zinegotziak ETAko kolaboratzailea naizela esaten du… Hori guztia biraren erdian, eta nire salaketarako modua dokumentalean sartu eta horretaz barre egitea zela pentsatu genuen. Batzuetan hausnarketak egin behar dira, baina umorearekin ere horrelakoak gezurtatzea ongi dago.
Kontzertuaren atzeko aldea ikusi dugu, normalean gutxien ikusten dena. Horrek bertigoa ematen du?
Ez asko, taldean gaude eta. Hor ikusten da zein polita den, batzuetan kamerino diminutoetan gaude eta bat-batean kantuan hasten gara guztiok. Kontzertu aurreko tentsioak eta ateratzen diren erokeriak ikusten dira, baina horri ez nion bereziki bertigorik, iruditzen zaidalako polita dela.
Nik bertigoa batez ere nire biluzteari nion, hainbat momentutan egiten dut, batez ere hasieran, eta esaten dut: «Nik hau pertsonalki kontatu nahi dizuet, nahiz eta kontzertuetan menderaezinaren irudia eman, pertsona oso hauskorra naiz». Etengabe jende onez inguratuta nago, eta hori da nire indarra eta babesa. Kontatu nahi nuen zein hauskorra naizen, bizitzak horrenbeste kolpe eman dizkit askotan armadura bat jantzi dudala, baina armadura horrek ere zati asko ditu zulatuta, eta batzuetan lehertu egiten da.
Belodromora itzuliko zarete. Zer eragiten dizu horrek?
Negu Gorriaken ospakizuna belodromoan egin genuen, eta “Black is Beltza II” ere bertan estreinatu genuen, eta karga sinboliko handia zuen Iñigori [Muguruza] eskaintzen niolako, animazioaren bidez bizitza berreskuratzen genuelako. Niretzat gauza asko dira belodromoa, eta proiekzioa baino gehiago egin behar dugu, esan behar dugu kalea gurea dela. Aldarrirako tartea egongo da, bira guztian egon den komunitate espiritua eta ospakizuna.

Voto negativo del PNV a prorrogar los contratos de alquiler

El PNV entierra un legado para que lo abran en 2076

«Otro estatus está en el pacto de investidura con el PSOE, y el acuerdo es posible»

«Bortizkeria guztiak onartu behar dituzte estatuek ere, bestela frustrazioa dator»
