Ernaik «Urrats bat aurrera» proposamena aurkeztu du
«Urrats bat aurrera» kanpaina plazaratu du Ernaik, euskal gazteen bizitza duina bermatzeko bederatzi aldarrikapenekin. Amaia Arbeo eta Maddi Urruzuno bozeramaile berriek aurkeztu zuten atzo.

Udako kanpaina bukatu berritan, Ernaik prentsaurrekoa egin zuen atzo Bilbon ikasturteko kanpaina eta euskal gazteriari bideratutako “Urrats bat aurrera” proposamena aurkezteko. Bertan, gazte antolakundeko bozeramaile berriak ere izan ziren: Amaia Arbeo eta Maddi Urruzuno.
Maiatzean IV. Kongresuari bukaera emanda, Euskal Herriarekiko eta gazteriarekiko konpromisoa hartu zutela aipatu zuten, eta bide horretan kokatu dute aurkeztutako proposamena. Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizi dadin beharrezkotzat jotzen dituzten bederatzi aldarrikapen jasotzen ditu proposamenak: etxebizitza duina; euskaraz bizitzeko eskubidea; kalitatezko garraio sistema bateratua; eskubide zibil eta politiko guztiak; enplegu duina; hezkuntza sistema propioa eta doakoa; zaintza sistema publiko komunitarioa; larrialdi klimatikoari irtenbidea; eta burujabetza Euskal Herriarentzat.
Proposamena «garai nahasien» eta «erreakzioaren gorakadaren» testuinguruan kokatzen da. Ernairen ustez, mundua eta Euskal Herria «bidegurutze batean» daude, eta kapitalismoaren fase berri bat zabaltzen ari da, «are basatiagoa eta autoritarioagoa» dena. Horren barruan kokatu ditu, besteak beste, faxismoaren gorakada, gerrak eta krisi ekonomiko eta ekosoziala.
Testuinguru horretan, Ernaik nabarmentzen du Euskal Herriak ez duela «nahikoa tresnarik» egoera horiei aurre egiteko. «Euskal Herria espainiar zein frantziar estatuen menpekoa izanik, gure baldintza eta behar propioetatik erantzuteko tresnak ukatzen dizkigute. Alegia, ez dugu burujabetza nahikorik gure herriaren biziraupena bermatzeko, ez eta egoera globalak eskatzen duen neurriko erantzuna eragiteko», azaldu zuten agerraldian.
Gainera, gazteak «are prekarioago eta baztertuago» daudela ohartarazi zuten: «ernaltzen ari den egoera gordinago honen barruan are zapalduago egongo gara».
Horren aurrean, ordea, «urrats bat aurrera egin eta erantzutea» dagokiela adierazi zuten Arbeok eta Urruzunok. Ernaik uste du Euskal Herrian badirela «herri sektoreak zentroan izango dituen aterabide bati bide emateko aukerak», eta aukera horiek baliatzeko beharra azpimarratu zuten.
“Urrats bat aurrera” proposamena ez dute dokumentu itxi gisa aurkeztu. Aitzitik, datozen hilabeteetan 10.000 gazterekin elkartu eta proposamenaren inguruan hitz egiteko asmoa azaldu dute. Izan ere, gazteen ekarpenekin proposamena osatu egin nahi dute, Ernairen esanetan gazte guztientzat «helduleku eta tresna» izan dadin.

«Espainia da gure gudu zelaia eta inork ez du onartzen»

«La muerte de Zabala fue definitivo, no estábamos para bromas»

Otegi: ¿Por qué colaboramos en Iruñea y Baiona y no en Gasteiz?

El plan estrella de Lakua en Vivienda depende de una consultora madrileña
