GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA
Entrevue
Garazi Navas
Akordeoilaria

«Esperimentazioa ez da ulertu behar eta, alde batetik, positiboa da»

Zertan dabilen baino, zertan ez dabilen da galdera egokia. Usansolon jaioa 1995ean, hainbat proiektu ditu eskuartean Garazi Navas akordeoilariak. Tradizioaren eta esperimentazioren uztarketa, eginkizun baino, dohain du. Oviedoko Kontserbatorioko irakaslea da egun, eta soinuarekin jolasean han-hemenka ibiltzen da Euskal Herritik zehar, baita gure lurretatik kanpo ere.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Zein harreman duzu akordeoiarekin?

Nik akordeoilaritzat hartzen dut neure burua, horiek dira nire ikasketa ofizialak, goi mailakoak. Musikenen kasu honetan. Txikitatik hasi nintzen jotzen, zazpi urterekin, uste dut. Oso irakasle on bat izan nuen txiki-txikitan. Uste dut garrantzitsua dela motibazioa sartzen dizun norbait eta instrumentua gustatzen zaion norbait ondoan izatea. Oso maitagarria zen Maite eta beregatik hasi nintzen jotzen. Apurka-apurka gero eta afizio handiagoa, gero eta konpromiso handiagoa hartzen joan nintzen; eta gero eta klase gehiago! Musika masterra eta graduondokoa egin nituen eta oraintxe bertan akordeoi irakaslea naiz. Beraz, bai, akordeoilaria naiz. Gero beste gauza batzuk ere bai, pixka bat iruzurgile moduan [barreak].

Hortaz, zuretzat Maite izan zena beste haur batzuentzat izaten saiatzen ari zara?

Orain dela gutxi arte umeen irakasle nintzen, baina oraintxe bertan goi mailako ikasleekin nabil. Oviedon ematen ditut klaseak. Nagusiak dira, 20 urtekoak. Haurrak ez dira, baina oso ondo jotzen dute eta asko maite ditut [barreak]. Afizioa sustatu baino, pixka bat kontrakoa da egin beharrekoa: lasaitu, konfiantza eman eta halako gauzak.

Aintzat hartzen den instrumentua da akordeoia?

Estatusa guztiz galdu du; garai batean Euskal Herrian akordeoia pianoaren modukoa zen, mundu guztiak ikasten zuen. 45-50 urtetik gorako norbaiti galdetuz gero, musika ikasi badute, gehienek akordeoia zer edo zer ikasi dute, edo hasi ziren ikasten. Gehienek, hori bai, gorrotatu ere egiten dute... Eta bai, estatus guztia galdu du, trikitiak eremu guztia jan diolako. Eta ez da txarra ere; garaiak badatoz eta badoaz. Zazpi urteko ume batentzat, nik uste, gauza bera da instrumentu bat ala bestea hartu. Nire kasuan, Maite egon zen hor erdian. Maite flautako irakaslea balitz, flauta hartuko nukeen!

Zazpi urteko Garazi hark zein ibilbide egin du «ni musikaria naiz, musika ikasketak egingo ditut eta hau nire ogibidea izango da» esateko?

Ez dut eduki oso argi; inoiz ez nuen esaten musikaria izango nintzenik. Nik, berez, Biologia ikasi behar nuen! Selektibitatea egin nuen eta ikastolan gogor egin nuen nota ona ateratzeko. Baina, gero, kontua zen kontserbatorioko erdi mailak sei urte irauten dituela. Erdi mailako bosgarren mailan nengoela amaitu nuen batxilergoa, eta, beraz, beste urte bat soilik falta zitzaidan kontserbatorioko erdi maila amaitzeko. Unibertsitatea hasten banuen pentsatu nuen ezingo nuela erdi maila bukatu, gehiegi izango zela. Izan ere, institutuan jada nahikoa kostatzen zitzaidan biak uztartzea. Kontserbatorioko erdi maila amaitu eta selektibitateko nota gordetzea erabaki nuen, hurrengo urtean unibertsitatera joateko. Baina urte horretan gauza asko gertatu ziren. Lehiaketa bat irabazi nuen. Eta horrez gain, probatzearren, Musikenen sartzen saiatu nintzen. Eta lortu. Eta hala hasi nintzen, oso garbi izan gabe. Musikeneko hirugarren mailan konturatu nintzen hau lanbide bat zela. Ez nekien posible izango ote zen horretaz bizitzea. Klaseak emanez bai, baina kontzertuekin ez. Eta kontzertu dezente ditut. Ez nuen uste horrela ibiliko nintzenik.

Salbuespena da zure kasua?

Ez dut nire burua salbuespentzat, baina ez nuen espero inolaz hainbeste joko nuenik.

Usansolokoa zara, Bilbo Handiko metropoliaren hurrengo geruzakoa. Eta akordeoilaria. Hori nola uztartzen da?

Ondo uztartzen da. Herri txiki batean bizita, beti ibili izan naiz herriko dantza taldearekin jotzen. Horrek beste modu batera hezi nau, musika tradizionalean. Gu kontserbatoriora Bilbora joaten ginen, baina gero dantza taldearekin herrian aritzen ginen. Horrek asko aberasten zaitu. Musikan ez dabilen jendeak pentsatzen du akordeoia musika instrumentu tradizionala dela. Eta gero kontserbatoriora zoazenean ez duzu inoiz musika tradizionala jotzen. Beti da klasikoa, organo baten moduan hartzen da. Orduan, hiria hain gertu izatea baina aldi berean herri batean bizitzea, nik uste dut oso polita dela instrumentuaren bizitza aberasteko.

Une esperimentalago batean al zaude orain?

Musikenen nengoenetik sartu nintzen musika esperimentalean eta gustua hartu nion; akordeoiak asko du hor emateko eta deskubritzeko. Gainera, edonora eraman dezakezun instrumentua da; ez da pianoa, soinu asko du eta ez da anplifikatu behar. Erraztasun asko ematen ditu, oso moldagarria da eta bertan sartu nintzenetik ez naiz atera. Egia da arlo esperimentalean murgilduta jarraitzen dudala oraindik, baina gauzak egiteko prest izaten naiz beti eta denetarik egiten dut. Batzuek gehiago ezagutzen naute dantza taldeengatik, orain, adibidez, Oinkarirekin nabil, edo musika tradizionalean egindako bideagatik; eta, beste batzuek, berriz, gauza oso frikiak egiten ditudalako. Antzerkian edo klasikoan egindakoengatik ere bai. Bakoitzak nire aurpegitxo bat ezagutzen du. Pertsona irekia naiz eta saiatzen naiz guztiarekin ikasten eta gauza berrietara zabalik egoten.

Esperimentazio edo kontu «friki» horietan, proposatzen dena ez ulertzea muga al da?

Nik uste dut esperimentazioa ez dela ulertu behar eta, alde batetik, positiboa dela hori. Ez dakizulako zer espero edo ez dakizulako zer entzungo duzun. Jendeak, oro har, akordeoiaren irudi oso konkretua du; musika tradizionalarena, 70-80ko hamarkadetan akordeoi orkestrak asko ibiltzen ziren-eta Euskal Herrian. Bestela, adinekoen kasuan, “María Jesús y su acordeón” eta halakoak. Gero ikusten zaituzte zu, gauza arraroak jotzen, eta harritu egiten dira. Niretzat hori positiboa da. Laster hausten dituzulako aurreiritzi guztiak. Hor badago beste instrumentu batzuek ez duten zerbait.

Emakume bat akordeoia jotzen huts-hutsean. «Front woman» periferikoago bat izan zaitezke?

Normala da galdetzea, baina ez dut asko pentsatzen horretan. Ez dut jotzen «emakumea naiz eta hemen nago bakarrik jotzen» pentsatuz. Nik jotzen dut asko gustatzen zaidalako eta musikarengatik, soinua maite dudalako. Badakit gero politikoki baduela zentzu eta esanahi bat. Baina beti esaten da gerora. Kontua da zirkuitu edo zirkulu esperimental horretan zaudenean, ez dela hain arraroa. Gauza da ez dela ikusten, periferikoa edo undergrounda delako. Musika klasikoa jotzera ateratzen zarenean jendea harritu egiten da. Musika tradizionalarekin ere bai. Ez da normala izaten emakume bat egotea, Oinkarirekin egiten dudan moduan, bakarrik akordeoia jotzen, kantatzen eta perkusioa jotzen. Dena batera. Normalean mutil edo gizon bat ohikoagoa da musikari printzipal bezala. Baina mundu undergroundean ez dago mugarik, bide hori aspaldi zeharkatua dago. Europan zehar adibidez, hori ez da honezkero auzitan jartzen den zerbait. Zirkuitu horietan emakume batek bakarrik jotzea baino gauza askoz apurtzaileagoak daude.

Eta Euskal Herrian badago halako espazio edo zirkuiturik?

Sare nahiko indartsu bat dago eta denok ezagutzen dugu elkar. Normalean ez dagoena dirua da, beti gertatzen den moduan, baina publikoa bera ere, egon badago. Egia da adin tarte zehatz bateko pertsonak direla, 40 eta 50 urte ingurukoak, baina jende gaztea ere sartzen ari da. Kontserbatoriotik edo musika mundutik etorri baino, arte mundutik iristen dira gazteak. Elektronika eta soinu-artearen mundutik. Nik uste irekiagoak direla; gauzak probatzera eta entzutera joaten dira. Kontserbatorioetan hori asko kostatzen da. Normala da. Leku interesgarri asko daude gainera. Azkoitiko Matadeixen esaterako gauza oso-oso ederrak egiten dira eta talde jatorra dago. Oso irekiak dira eta denetarik egiten dute: antzerkia, musika... Denetarik. Espazioa ematen dizute eta ez dizute mugarik jartzen. Gero, adibidez, Tabakalera instituzio publiko bat izanda, ofiziala, musika undergroundak ere badu bere txokoa bertan. Bilboko Azkuna Zentroan edo Gasteizko Artiumen ere gauzak egiten dira. Eta jendea etortzen da beti. Beti gara jende berdina, hori ere egia da.

Bitartean folk taldean ere jotzen duzu. Nola erabiltzen dugu tradizioa?

Niretzako ez da arraroa musika tradizionala eta abangoardia uztartzea. Instrumentuak berak hori baitu, akordeoia, kontzertukoa, handia, oso instrumentu modernoa baita. Idatzita dagoen musika akademikoa 70eko hamarkadatik aurrerakoa da. Abangoardia eta esperimentazio asko dago kontserbatorioan ere. Jendea harritu egiten da fandangoa eta gero elektronika jotzen dudalako. Niretzat ez da aldatzea. Osotasun batean ulertzen dut. Gero, tradizioaren kontuarekin manipulazio handia dago. Zer den benetakoa eta zer den betikoa... Ezer ez da ez benetakoa, ez betikoa. Hortik ateratzen bazara, aske zara eta nahi duzuna egin dezakezu.