«GAUR8, mila leiho, mundu bat»

GAUR8k 1.000. zenbakia kaleratuko du urriaren 17an. Ospatzeko, ekitaldi bat egingo du urriaren 15ean, Errenteriako Lekuona Fabrikan.

Ximun Fuchs antzerkilaria, Donibane Lohizunen. Spotean parte hartu dutenetako bat da.
Ximun Fuchs antzerkilaria, Donibane Lohizunen. Spotean parte hartu dutenetako bat da. (Andoni LUBAKI | FOKU)

“Mila leiho zabalik”. Lelo hori errealitate bihurtzea izan da GAUR8 euskarazko astekariaren ahalegina: batetik, leiho bakarra beharrean mila eskaintzea, askotariko begirada eta gaiak jorratuz eta errealitatea bere osoan ulertzeko gakoak emanez; bestetik, leihoak beti zabaltzea, entzun eta ikasteko prest, ahots eta arnas berriei bide emateko. Finean, euskaraz eta gaur zortziko ikusmiran, mundu oso bat lantzea eta mundu oso bati lekua egitea izan da xedea. 1.000. alea dela eta, ia hogei urte hauetan egindako bidea ospatu eta GAUR8ren ekarpena aldarrikatuko da datozen asteetan: Nerea Ibarzabal, Ane Elordi, Ana Mezo, Pello Otxandiano, Beñat Jusue, Olatz Arbelaitz eta Ximun Fuchsen spot orokorra -NAIZen ikusgai dago-, ale berezia... Tartean, urriaren 15ean Errenteriako Lekuona Fabrikan ekitaldia egingo da, Euskal Herriko eragile nagusiak eta GAUR8ko komunitate zabala biltzea helburu duena. Hitzartzeak, musika, bertsoak, umorea, kolaboratzaileen ekarpenak, mokadutxoa… denetatik izango da. Kolaboratzaile eta irakurle guztiei bertaratzeko gonbita luzatu zaie, haien ekarpenik gabe ez baitago GAUR8 ulertzerik.