Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren interpolazioak

Ainara Ortega Bengoetxeak egiten dituen podcast labur eta ironikoetako batean entzun diot “interpolazioaren” inguruko ateraldi xelebre eta alaia. Interpolazioa bere horretan utziko dut, nahiz eta agian egokiagoa izan “tartekatzea” erabiltzea. Hobeto pentsatuta, biak erabiliko ditut. «Zergatik euskal kantagintza modernoan interpolatzen dira euskal kantagintza zaharreko esaldi osoak?». Laboa jarri du adibidetzat, eta gaineratu haren kantuetako esaldiak tartekatzen dituztela egungo musika taldeek. Hark esandakoa transmititu nahi dugulako izango da. Transmisioa arma indartsua da hurrengo belaunaldiek jakin dezaten zer ginen eta zer garen, gero izateko.

Kantagintza modernoak baino literatura modernoa egiten duten idazleek gehiago erabiltzen dute interpolazioa, uste dut. Ez dut esango euskal liburu guztietan tartekatzen denik aipu edo euskal kantagintzako esaldiren bat, baina bai ehuneko handi batean. Gainera, maiz, ez da aipamen horietan kantariaren edo taldearen izena adierazten.

Bi adibide, bietan Itoiz. Laster argitaratuko da Eneko Bidegainen “Hegal egiten” liburua. Irakurri berri dudan “Neguberria” eleberrian Ekaitz Herrera Azkarragak “Lau teilatu” abestiaren letra ia osoa jolasean darabil aldaketekin, baina aipamenik egin gabe izenburuari.

Katuak teilatuetan lez interpolazioak kantuetan, kulturan.