Itziar PEREZ DE CIRIZA MACAYA
KOLABORAZIOA

Noiz utzi genion kantatzeari?

Nire aitak ez zekien euskaraz. Baina Imanol Urbietaren kantak ikasten zituen nirekin abesteko. Nik, orduan, ez nekien nor zen Urbieta. Ez nekien musikagilea edo pedagogoa zen, ezta zenbat kanta sortu zituen ere. Bere kantak nekizkien, eta nahikoa zen. Seguru asko, antzeko zerbait gertatu zaigu Euskal Herriko belaunaldi askori. Lehenago ikasi genuen “Alaken”, “Txiki txikia” edo “Ran Roberran” kantatzen, haien atzean nor zegoen jakin baino. Doinuak, nolabait, gureak ziren ordurako: etxekoak, ikastolakoak, lagunartekoak. Konturatu gabe geratzen ziren gure barruan.

Joan den astelehenean, irailaren 28an, hamar urte bete ziren Urbieta hil zela, eta urteurrenak haren lanari berriro begiratzeko aukera ematen du. Zarautzen, musika eguneroko bizitzaren parte zuela hazi zen, etxeko kantu eta plazako doinuen artean. Urte batzuk geroago, bere kantek herri oso baten haurtzaroari jarri zioten doinua. Izan ere, Urbietarentzat kanta bat ez zen kanta bat bakarrik. Kantatzea jolastea zen, mugitzea, entzutea, hitza dastatzea, elkarrekin egotea. Euskara ere bizitzeko, jolasteko eta sortzeko hizkuntza zen. Agian horregatik iritsi ziren bere kantak hain urrun: ez zirelako soilik ikasteko egin, bizitzeko baizik.

Eta gaur, haren lana berriro irakurtzean, galdera bat etortzen zait burura: noiz utzi genion kantatzeari? Musika inoiz baino gehiago kontsumitzen dugu. Autoan, etxean, mugikorrean. Milaka kanta ditugu berehala eskura. Baina kantatu? Zenbat kantatzen dugu? Noiz kantatu genuen azken aldiz besterik gabe? Mahaian, kalean, mendian, autobusean, lagun artean. Ez dut iragana idealizatu nahi. Ez dut esan nahi lehen denok kantatzen genuenik eta gaur inork egiten ez duenik. Baina merezi du geure buruari galdetzea zerbait galtzen ari ote garen, musika gero eta gehiago entzun eta gero eta gutxiago egiten dugunean.

Urbietak ahotsa guztiok dugun musika tresnarik hurbilena zela defendatzen zuen. Taldean kantatzea ez zen, haren ustez, doinu bat ongi afinatzea bakarrik. Elkar entzutea zen, besteekin bat egitea, talde baten parte sentitzea. Horregatik idatzi zuen behin: «jatorriz, atsegin izan zaio euskaldunari kantuz espresatzea».

Eta esaldi horrek etorkizunari begira jartzen nau. UPNA-NUPen etorkizuneko irakasleak prestatzen ditut, musikako aipamenean. Ikasleak ilusioz iristen dira, haurrei musikaz gozatzen erakutsi nahi dietelako. Baina urtero gauza berak harritzen nau: askok oso haur kanta gutxi ezagutzen dituzte, euskal kanta tradizionalen errepertorioa ere oso urria da eta ez dira eroso sentitzen beren ahotsekin. Eta haiek izango dira laster haurrei kantatzen irakatsiko dietenak. Ez dut hori kritika gisa esaten. Haiek ere transmisio kate baten parte dira. Inork kantatu ez badie, non ikasiko zituzten kantak? Eskolan eta etxean kantatzeko ohitura ahuldu bada, nondik etorriko zaie errepertorioa? Arazoa ez da kantatzen ez dakigula, kantatzeko ohitura galdu dugula baizik. Edo, agian, ez dugu horretarako nahikoa aukerarik izan. Eta, horregatik, berriro hasi behar dugu kantatzen.

Asko esan daiteke kantuan. Kanta batekin haur bat loarazi, hitz berri bat ikasi, ipuin bat kontatu edo dantza egin daiteke. Eta kanta batekin herri bat ere aldarrikatu daiteke. “Behin betiko” kantuan, «Etxean eta kalean» abesten da. Eskolan, lanean, jolasean. Euskara erabiltzen dakitenek erabiliz eta ez dakitenek ikasiz. Batzuek euskara defendatzeko manifestuak idazten dituzte. Beste batzuek hitzaldiak ematen dituzte. Urbietak kanta bat egiten zuen. Kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko.

Azken urteotan haren ondarea arakatzen aritu naiz: kutxak, koadernoak, partiturak, diskoak, kaseteak, bideoak. Zenbat eta gehiago bilatu, orduan eta handiagoa zen mapa. Azken katalogoak 4.188 kanta desberdin biltzen ditu. Lau mila ehun eta laurogeita zortzi. Horietatik 1.701 ez ziren inoiz argitaratu. Ezagutzen ditugunak, beraz, icebergaren punta besterik ez dira. Datozen hilabeteetan haren kantutegia sareratzeko proiektua prestatzen ari gara. Baina helburua ez da artxibo digital bat egitea. Kantek berriro zirkulatzea nahi dugu. Etxeetara, ikasgeletara eta lagun artera itzultzea. Eta, batez ere, berriro kantatzea.

Nire aitak nirekin kantatzeko ikasi zituen Urbietaren kantak. Nik kantatu nituen gero, eta gaur nire alabek ere kantatzen dituzte. Agian hori da musika ondare bat bizirik mantentzea: ez artxibo batean gordetzea, baizik eta norbaitek berriro hartu, arnasa bete eta kantatzea.

Hamar urte igaro dira Urbieta hil zenetik. Bere kantak, ordea, hemen daude. Galdera da ea guk kantatzen jarraituko dugun.