Trintxerpetik Realari gutun irekia
Real Sociedad klubari eta familia txuri-urdin osoari zuzenduta, 3.003. bazkideak idazten dizue. Futbolaren balioak aitaren sorbalda gainean, Atotxan, Egiako futbolin erraldoi eta zoragarri hartan ikasi zituen belaunaldi horretakoa naiz. Gaur egun seme-alabekin, lagunekin eta beste realzale batzuekin gure taldearekin hunkitzen den belaunaldi berekoa, txikitan egiten genuen bezalaxe. Ile urdinak ezkutatzen saiatzen den belaunaldi horretakoa naiz; lehen urratsetatik bere ikastetxeko, auzoko edo herriko taldean futbolean jokatu zuen belaunaldikoa. Garai hartako futbolaren balioei esker, neurri batean behintzat, pertsona izaten ikasi genuen horietakoa.
Niretzat, gaur egun tristea da. Nire seme-alabak futbolean jokatzen hasi zirenetik susmatzen nuen zerbait baieztatu dudan eguna. Izan ere, gero eta klub gutxiago geratzen dira Donostialdean ondorengo ardura dutenak: gazte bakar bat bera ere ez dadila gelditu guk futbolari esker ikasitakoa jasotzeko aukerarik gabe.
Harro nago nire seme nerabeaz. 9 urte zituela, Vasconia FCk kanpoan utzi zuen, behar bezain ona ez zelako; 13 urte eskas zituela, Martutenek taldetik kanpo utzi zuen, jokalari gehiegi zeudelako; eta, gaur, denboraldia hasteko bi aste besterik falta ez direnean, Trintxerpe FCk fitxarik gabe utzi du, hamar gazte sobera daudela argudiatuta, Preferenteko fitxa guztiak bete gabe dauden arren.
Harro nago, halaber, hamarkada oso batean, gaixorik egon denean izan ezik, entrenamendu bakar batera ere huts egin ez duen nerabe baten aita izateaz. Futbolaren grinak elikatzen duen ahaleginaren eta dedikazioaren adibide da; gipuzkoarren izaera iraunkor eta langilearen erakusgarri diren gazte horietako bat; inoiz amore eman ez duena, nahiz eta bere taldeen partida gehiago ikusi dituen aulkitik zelaitik baino.
Gutunaren puntu honetara iritsita, zeuen buruari galdetuko diozue zer duen ikusteko Realak egoera honekin. Nire ikuspegitik, dena.
Badakit futbol profesionalak aspaldi utzi gaituela atzean futbolean negozio errentagarri bat baino askoz ere gehiago ikusten jarraitzen dugunok. Baina orain kezkatzen nauena da diruak gure etxeetaraino ere jauzi egin duela eta kirol hau bere sustrairik samurrenetatik eraldatzen hastea.
Nire ustez, Real Sociedadek eta beste talde batzuek klub hitzartuei ematen dizkieten sariek lagundu dute haurren futbola nolabaiteko balio merkatu bihurtzen, eta badirudi etorkizunerako potentzial handiena duen “produktuak” baino ez duela tokirik zenbait taldetan. Joko horretan Gipuzkoako Foru Aldundia ere sartu da, praktikan gazte batzuek fitxa izatea eta beste batzuk fitxarik gabe geratzea ahalbidetzen duen sistema batekin, A edo B taldekoak diren arabera.
Gaur, lehen aldiz, nire taldera jotzen dut, 30 urte baino gehiago bazkide izan ondoren. Ez dut egiten urte hauetan guztietan gehiago edo gutxiago gustatu zaizkidan gauzengatik. Haurren futbola gaur egun dena baino are ezagutezinago bihurtuko ote den beldur naizelako egiten dut.
Beti pentsatu izan dut gure taldea gainerakoak bezalakoa ez den familia bat dela, hain zuzen ere, harrobiaren, lanaren eta apaltasunaren balioengatik. Badakit beste klubetako zale askok ere gauza bera pentsatuko dutela euren taldeei buruz. Horregatik, uste dut iritsi dela hori hitzekin ez ezik, ekintzekin ere erakusteko garaia.
Nik baino prestakuntza hobea duen jendea badago egoera hau nola iraul daitekeen proposatzeko, baina hausnarketa hau helarazi nahiko nizueke.
Lehen taldera iristen diren jokalariei lotutako sariak klub hitzartu bakoitzak futbolean jokatzen mantentzen duen gazte kopuruaren arabera ere ezarri ahal izango lirateke. Horrela, pizgarria ez litzateke izango soilik etorkizun handieneko futbolariak aurkitzea, hautatzea eta garatzea; aitzitik, ahalik eta haur eta nerabe gehienek kirol hau egiten jarraitzea ere sarituko litzateke.
Horrelako sistema batek lagunduko luke klub hitzartuak, gero eta adin txikiagoetatik, belaunaldi bakoitzeko gazterik onenen selekzio bihur ez daitezen. Eta, batez ere, klub bakoitzak gaur egun maizegi gertatzen denaren kontrakoa egiteko pizgarria izango luke: ahalik eta jokalari gehien mantentzeko aukera guztiak bilatu eta futbolean jokatzen jarraitu nahi duen gazte bakar bat bera ere kanpoan gera ez dadin ahalegindu.

Miles de personas en Euskal Herria dicen «no al negocio de la vivienda»

El PNV entierra un legado para que lo abran en 2076

Voto negativo del PNV a prorrogar los contratos de alquiler

«Bortizkeria guztiak onartu behar dituzte estatuek ere, bestela frustrazioa dator»
