GARA

Behobia-Donostia probako kamiseta

Fortuna Kirol Elkarteak, azaroaren 8an egingo den probarako, abangoardiako teknologia duen kamiseta aurkeztu du.

Korrikalariak prest daude 61. Behobia-Donostia lasterketa herrikoian parte hartzeko.
Korrikalariak prest daude 61. Behobia-Donostia lasterketa herrikoian parte hartzeko. (FORTUNA KIROL ELKARTEA)

Azaroaren 8an egingo den 61. Behobia-Donostia lasterketako kamiseta aurkeztu zuen atzo Fortuna Kirol Elkarteak. Joma da marka babeslea, eta lasterketa jokatu baino aste batzuk lehenago aurtengo elastiko ofiziala nolakoa izango den jakinarazi zuten. Kamiseta zeharkatzen duten kolore degradatuko lerro eta uhinen bidez, «lasterketa eguneko jai giroa, energia eta mugimendua islatu nahi dira», adierazi zuten antolatzaileek prentsa ohar baten bidez. Errendimendu handia eskaintzeko garatua, lasterketako kamiseta ofizialak «erosotasuna eta azken belaunaldiko teknologia uztartzen ditu», gaineratu zuten. Materialari dagokionez, oihala oso arina eta elastikoa da. Gainera, ergonomia hobetzeko eta mugimendu askatasun handiagoa emateko, raglan mahukak ipini dira. Horrez gain, Micro-Mesh System teknologia transpiragarria ezarri da elastikoan, izerdi metatzea erregulatzeko gaitasuna duena. «Sistema honek hezetasunaren aireztatze egokia bermatu eta airearen fluxua hobetzen du», azaldu zuten. Azkenik, jostura termozigilatuek marruskadura eremuak ezabatu eta urradurak prebenitzen dituzte.