Adur LIZASOAIN
KOLABORAZIOA

Pertsonak

Herri batzuek beste herri batzuen historia idazten dutela zioen Gorka Urbizuk “Kezkak” abestian; lurraldeak beste lurralde batzuen barruan dauden lekuak besterik ez direla, aldiz, Fernando Aramburuk “Patria” eleberriaren harira. Bi era lurralde sentimendua ulertzeko, bi era gizartea irakurtzeko. Bi pertsona ezberdin, euren ikuspuntu eta historiarekin, azken finean. Bi artista handi. Bi euskal herritar.

Duela hilabete batzuk, espainiar futbol selekzioak munduko futbol txapelketa irabazi zuen hemengo jokalari dezenteren protagonismoarekin: jatorri afrikarreko arrotxapear bat, eibartar euskaldun peto-peto bat, gurasoak polizia dituen gasteiztar bat edo nerabe zela gurera etorri zen frantziar bat, besteak beste. Athleticeko jokalariak batzuk, Realekoa bat. Idoloak jende askorentzat. Euskal herritarrak. Pertsonak.

Milaka izan ziren garaipen hori ospatu eta kalera harrotasun osoz elastikoa eta “piperpotoa” atera zituztenak gurean. Milaka izan ginen, bestalde, kirol lorpen hori gure sentitu ez genuenok. Gorria −edo biak− maite dute haiek, berdea bakarrik, guk. Pertsona ezberdinak, gure ikuspuntu eta historiarekin. Euskal herritarrak denok.

Guri ez digute jokatzen uzten. Hori horrela da. Espainiar Federazioak eta espainiar Estatuak trabak jartzen dituzte euskal selekzioa ofizial izan dadin edo, behintzat, euskal herritarroi galdeketa bat egiteko ea ofizialtasuna begi onez ikusiko genukeen. Itsusia. Gure ametsa da −haurrena edo eliteko kirolariena, hobe esanda− berdez jokatzea nazioarteko txapelketetan, ikurrina defendatuz, denok batera. Aukera hori edukitzea.

Egun hartan, bestetik, gure kaleetan jende asko jazarria sentitu zen, iraindua, begirada txarren biktima. Biolentzia ere ikusi genuen. Ez ziren aske sentitu euskal herritar horiek euren lurralde sentimendua erakusteagatik. Itsusia ere.

Munduko pilota txapelketa ari da jokatzen egunotan. Lortu dugu, behingoz, lokala den kirol xume horretan bada ere, ofizialtasuna. Berdez ari da lehiatzen euskal pilotari asko −ez denak−, ikurrina defendatuz. Goza eta balora dezagun hori. Zoriondu egin nahi dut hori gertatzeko lana egin duen jendea.

Gizarte polarizatu honetan, enpatia gehiago eduki beharko genuke, eta ulertu zilegi dela ondoan dugun pertsona horren ikuspuntua eta lurralde sentimendua bestelakoak izan daitezkeela, historia ezberdin bat duen pertsona bat da eta. Euskal herritar bat.

Gora pilota! Gora Euskal Herria!