Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Krudelkeria

Irudien kontura esana dugu hamaika aldiz, baina, ondo pentsatuta, hitzen munduan bertan ebatzi behar genuke apotegma: gehiago adierazten du hitz egoki bakarrak, mila arrunkeriak baino. Eta hitz egokia entzun zitzaion pasa den larunbatean Detroiten halakoak aukeratu eta jaulkitzen, bederen, ospe merezia duen B. Obamari. Trumpen bigarren agintaldia «kaosa, krudelkeria eta ustelkeria» dela esan zuen hautagai demokraten aldeko kanpaina ekitaldian.

Hirurak, ingelesez ere, herskari berberaz hasten direlako aukeratu ote zituen bada, jendeon mnemoteknia errazteko? Litekeena da (hitz egokiena, batzuetan, oharkabean botatzen da), baina ezetz esango nuke. Neurtua, oldoztua zela iruditzen zait.

Izan ere, hiru kontzeptu horietatik bi, kaosa eta ustelkeria, usatuak baino usatuagoak dira hizkera politikoan. Edonongoan. Trumpen kasuan, haren lehen agintaldiari berdin-berdin egotz lekizkioke. Baita beste askori ere leporatzen zaizkie. Baina krudelkeria? Gutxitan entzuten da egungo politikagintzan, eta gehienetan, testuinguru historikoetan izaten da. Ez da ba izango halakorik ikusten ez dugulako!

Otutzen zait Obamari hitz hori bururatu zitzaiola Pete Hegsethek (apustu egingo nuke, ordea, Trump beraren iradokizunez ari zela, gerora nola jokatu duten ikusita) Nidal Hassan-en fusilamendua streamingez emateko asmoaren berri izan zuenean. Krudelkeriaren definizioa zen, xuxen-xuxen: «Besteei sufriarazten gozatzea edo besteen sufrimenduetan atsegin hartzea».

Nihil novi hitza hartzen duen bakoitzean «letalitatea» goraipatu behar duen Pentagonoko pitzatuaren kasuan. Baina ez ote da krudelkeria Trump beraren nortasunaren ezaugarrietako bat, Etxe Zuritik kanpo ere? Irakur bere ilobaren liburua. Eta zer esan dezakegu Netanyahuz eta haren konpaiez? Eta munduko politikagintzako hainbat aktore sekundariori buruz?

Krudelak ez ezik, krudelkeriaren aldarrikatzaile direnez inguratuta geratzen ari gara. Modan jarri nahi dute krudelkeria, gizartea bera gero eta krudelagoa izan dadin. Beraiek bezalakoa.