Metaforari arnasa falta zaio

Brian Duffieldek “Pinotxo”-ren pasarte batetik ateratakoa dirudien premisa zoro batetik abiatzen du “Whalefall” filma. Aita hil ondoren, Jay Gardiner urpekaria (Abrams) Kaliforniako erdialdeko kostaldeko uretan murgilduko da haren gorpua bilatzeko. Baina bilaketa amesgaizto bihurtuko da: kaxalote erraldoi batek irentsiko du, eta barruan harrapatuta geratuko da. Ordubeteko oxigenoa besterik ez du izango handik ateratzeko.
Balearen gorputza espetxe itogarri bihurtzen da, baina Jayren gatibualdia ez da fisikoa bakarrik, aitarekin duen harremanaren oroitzapenetan ere harrapatuta dago. Austin Abramsek ia bakarrik eusten dio filmari, bere pertsonaiaren larritasuna eta zaurgarritasuna sinesgarri eginez.
Filmaren erdia kaxalotearen barruko irudiek osatzen dute, eta beste erdia, berriz, flashbackek. Bi ikuspegi horien arteko joan-etorriak tentsioa eta drama uztartu nahi ditu, baina ez du funtzionatzen. Biziraupen thriller gisa entretenigarria da, ongi funtzionatzen du; aitaren eta semearen arteko harremana ardatz duen drama, ordea, gogaikarria da. Duffieldek gehiegi estutzen du animaliaren eta familia traumaren arteko paralelismoa, eta, hainbeste azalpenen artean, anbiguotasuna itotzen da. Behin eta berriz azaltzen du irudien atzean dagoen esanahia, metafora agortu arte.
Hala ere, filmak badu ausardia. Absurdoaren amildegira jauzi egiten du, eta ideia zoro bat pantailan gauzatzeko kemena erakusten du. Tonu ganberroagoa, umore beltz gehiago eta zentzugabekeriarekiko lotsagabekeria handiagoa izan balitu, askoz ere film bereziagoa izango litzateke. Balea baten sabeletik ateratzea errazagoa dirudi aitaren itzaletik askatzea baino. Baina, hori kontatzeko, Duffieldek buelta gehiegi ematen ditu munstroaren barruan.

«Komunitate sektarioetako egiturak oso maiz aurkitzen ditugu gurean»

David Fernàndez suma a EH Bildu su experiencia política y activista

Guía para este 11N: huelga, marchas mañana y tarde... ¿y desahucios?

Manifiesto plural contra el fascismo con llamada a salir a la calle y a votar
