Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ESTA SOLEDAD

Bakardadearen arrakaletan

Bost urteko harremana hautsi dute Leok (Oriol Pla) eta Lorenak (Marina Salas). Leok gaixorik duen aita zaindu behar du, baina familiaren zaintzaren zamak eta deskonexio emozionalak itota bizi da. Lorenak, berriz, gaizki ordaindutako lanak eta krisi pertsonalak kateatzen ditu. Noraezean dabiltzan bi pertsona dira, etengabe berandu iristen den belaunaldi baten herentzia emozionalaren zama bizkarrean daramatenak.

Haustura da filmaren abiapuntua, baina ez muina. Javier Ginerrek, harremanaren amaieraren ondoren geratzen denari begiratzen dio. Elkarrekin egoteari utzi diotenean ere elkarri lotuta jarraitzen duten arrastoei, hutsuneari eta bakoitzak bere bizitzari berriro heltzeko duen ezintasunari. Pertsonaiek huts egiten dute. Batzuetan, berekoiak eta suminkorrak dira, eta ez dira gai eragiten duten kalteaz jabetzeko. Badago pertsonaiei gertutik begiratzeko modu oso berezi bat. Zintzotasun gordina lortzen du Ginerrek, eta aktoreek pertsonaien kontraesanei bikain eusten diete.

Sufrimenduari buruzko film guztiek ez dute arnasgunerik eskaini behar, ezta zauriei itxiera dotore bat eman ere, baina, zenbait unetan, minaren erakustaldia gehiegi luzatzen da.

Protagonistak, tarteka, bizkaieraz hitz egiten du senideekin. Euskal Herrian girotuta egonik, euskararen presentzia urria da, hori ezin da ukatu, baina pertsonaiaren inguruarekin eta harremanak izateko moduarekin lotuta dago.

Ginerrek lehen film luze sendoa sinatu du, une batzuetan gehiegizkoa, baina benetako sentiberatasunak zeharkatua. Filmak badaki pertsonen hauskortasunari begiratzen, haiek epaitu gabe eta haien sufrimendua edertu gabe. Eta hori ez da gutxi.