Mesede
Ni eta nire artean ni, eta zu, eta zu ere hortxe, tira, zilborretik harago, ebakirik eta mozturarik gabe, elkarri begira biak, zatituta. Hala genbiltzan hizketan. Azkenean erran didazu: «Zuretzat zerbait egin nahi baduzu, besteentzat egin ezazu». Ona. Ez dakit zure esaldia den edo beste norbaitena. Karmazko lege bat iduri du, ispilu efektua lortzeko. Garrantzitsua da mundua nola tratatzen duzun jakitea, munduak hala tratatuko zaituela jakinda. Errespetua eta laguntza eskainiaz, ingurune atseginago bat sortzen ari zarelako. Zuretzat ere izango den ingurunea. Uste dut konfuzianismoaren urrezko araua dela «Tratatu besteak zeure burua tratatua izatea nahi duzun eran», edo Kanten inperatibo kategorikoa bestela, besteei laguntzea arau bihurtu ezazu, guztiontzat hobea izango den gizarte bat eraikitzeko. Gizarte horrek zuri ere mesede egingo baitizu. Hortik. Maitasunez.
Eta honetan nenbilela jakin dut Nafarroa Garaian aurrekontuak hitzartu dituztela EH Bildurekin, eta azken alderdi hau giltzarri ulertzen dut Arroitzen, Obanosen, Mendabian, Villatuertan, Deikaztelun eta Urrotzen D eredua ezartzeko eskaerei erantzun diezaien gobernuak. Sekulako urratsa iruditu zait. Azpiegiturak eta landa eremua garatzeko ahaleginak egingo direla diote aurrekontuetan. Ona. Batzuk geldirik daude, zilborrari beha erretorikan galduta, beste batzuk egiten ari dira, denon mesederako, eta hori eskertzekoa da.

«Tengo claro que se acercan tiempos duros, va a tocar dar un paso adelante»

Hasta tres escaños podrían bailar en el limitado juego del 29N vasco

«Idazketan indar zentrifugo bat eduki dut, bazterrerantz eraman nauena»

Cátaros y sin rasgos propios, el ADN aclara el misterio agote
