Errepublikanoak, izuak hartuta
Inkesta guztiek azken urteotako porrot handienetakoa iragartzen diete hautagai errepublikanoei AEBko agintaldi erdiko hauteskundeetan. Galera horren handia izan ala txikiagoa, Donald Trumpek erabateko kontrolpean hartu duen alderdia testuinguru berri batean egongo da ziurrenik bihartik aurrera, etorkizun hurbilera begira erabakiak hartzera behartuta.

Ameriketako Estatu Batuetako politikara Europatik begiratzean, badago ohiko akats bat: ohiko alderdien ikuspegitik ulertzea demokratak eta errepublikanoak. Demokratek gutxieneko egitura bati eusten diote, baina ez dago ildo nagusiak markatzen dituen organo zentral bat. Hautetsi eta izen nagusiengan dago pisua; eragina, besteak beste, kanpainetan dirua biltzeko duten gaitasunetik ere badator.
Demokraten artean alderdi egitura oso oinarrizkoa baldin bada, errepublikanoetan hori ere ez dago. Aspaldi utzi zion herritar kontserbadoreen hautu arduratsua izateari, nazioartean hegemonia inperialista eta barruan ekonomia aurreratuena izateko helburuak batutako alderdia izateari. Geroz eta pitzatuago eta muturrekoago ageri diren pertsonaia arrazista, ultra-kristau eta lotsarik gabeko oligarka ustelen erakundea da, betiere Donald Trumpen dementziaren itzalean.
Horrek, Elon Musk eta Silicon Valleyko beste buruzagien bultzada lotsagabearekin, Etxe Zurira eraman zuen Trump duela urte bi. Orain ere, Muskek ehun milioi dolar baino gehiago xahutu ditu gorroto-mezuak zabaltzen, trans jendearen aurka nagusiki, baita musulmanen aurka edo kanpainan botoak lortzeko balio dezakeela iritzi dion beste edozein gerra kulturaletan. Floridan, adibidez, Alexandra Ocasio-Cortez, Zohran Mamdani eta Bernie Sandersen demokrata sozialisten taldeko Angie Nixon hautagaiari, «AEB gorrotatzen duen eta askatasunean sinesten ez duen komunista» izatea leporatzen diote iragarkiek.
GIRO TOXIKOA
Michiganen egunotan telebista piztuta etengabe agertuko da iragarkiren bat Abdul El Sayed hautagai demokrata «terrorista» edo «jihadista» dela salatzen. Senatarigai demokratak zuzen azpimarratu du hipokrisia errepublikanoa: «Ironia hauxe da: Donald Trump Qatarreko Gobernuarekin hizketan eta milioika dolarreko jet pribatu luxuzko bat lortzen ari dela ikusten dugu. Bere suhia, Jared Kushner, eta bere semea, Saudi Arabiako Gobernuarekin milioika dolarreko akordioak egiten ari dira. Baina gero, AEBn, estatubatuar musulmanei eta arabiarrei buruz hitz egiteko duten modua nazkagarria da». 2024an demokratei bizkar eman zieten Michiganeko arabiar eta musulman askok, Joe Bidenen Administrazioak Israelekin zeukan jarreraz nazkatuta. Orain, euretako bat bidali nahi dute Senatura; errepublikanoen gorroto-mezuek hauspotuta.
El Sayeden aurka egin duen Haley Stevens kongresista demokratak primario demokratak galdu zituen, Aipac Israelen aldeko lobbyaren babesa izan arren. Hasieran emaitza onartu eta El Sayeden alde egin bazuen ere, herenegun hautagai demokrata eta bere alderdia saldu eta Mike Rogers errepublikanoaren aldean agertu zen, hautagai trumpistaren aldeko botoa eskatuz. Demokratek, baita Stevensen taldekideek ere, berehala salatu dute traizioa eta inoiz baino batuago agertu dira El Sayeden alde.
Giroa ahalik toxikoen bihurtzea izan da estrategia errepublikanoa aspaldian. Oposizioan diharduzunean, manipulazioa eta nahasmena baliagarria izan daitezke Gobernua egurtzeko. Uneotan, baina, Administrazioa errepublikanoa da, eta Kongresua bera estu hartuta dauka Trumpek. Aurkariari leporatzen dioten giro toxikoa etxeraino sartu du presidenteak, horratik, eta horrek ekarriko die porrotik handiena.
Leialtasuna baino gehiago, erabateko sumisio itsua exijitu die Trumpek hautetsi errepublikanoei. Eta hori ere ez da beti aski izan: Ipar Carolinako Tom Tillis errepublikano errebeldea baztertu, umiliatu eta zapaldu zuen, alderdi barruko autonomiak barruti lehiatuetan izan dezakeen balioa usaindu ezinik. Orain, galdutzat jo dute errepublikanoek Ipar Carolina; kanpaina horretako sosak ustez ziurrak ziren, eta kolokan ikusten dituzten estatu batzuetara bideratzekoak...
Texasekoa Trumpen porrotik handienetakoa izan liteke. Arazo handirik gabe irabaz zezakeen John Cornyn senatari otzana zeukan bertan, Senatuko bozketen ia ehuneko ehunean Trumpen agindutakoa betetzen. Baina duela urte batzuk ez zen horren Trump zale agertu, 2021eko Kapitolioaren aurkako erasoa kritikatu zuen, eta hori barkaezina zitzaion. Ustelkeria alde guztietatik darion Ken Paxton Texasko fiskal nagusia inposatu zuen Trumpek. Ordurako, Texasko kongresu errepublikanoak impeachment -kargugabetze- saioa bozkatu zuen gehiengo handiz ustelkeriagatik. Moralki, Paxtonen emazte kristau sutsuak publikoki salatu zuen senarra: «38 urteren ondoren, dibortzioa eskatu dut arrazoi biblikoetan oinarrituta»; Estatuko fiskalaren adulterio kasuak publikoak ziren ordurako.
ITSU-ITSUAN
Trumpen alderdiak, gainbehera betean eta hauteskundeetako porrotera zuzenean, ez du norabidea aldatzeko edo mezua modulatzeko ahaleginik egin. Lokatzean sakonago hondoratzerik ezinezkoa zirudienean, Vivek Ramaswamy presidentegai ohi eta Trumpen DOGE sail ez-ofizialeko aldi bateko buruari (Muskekin batera), otu zitzaion ideia ona izan zitekeela irudimen perbertsoenak ere irudikatu ez dezakeen iragarki nazkagarri bat egitea: alaba bortxatu zutenean senar bortxatzailearen alde lerrokatu zen ama baten mezuarekin kanpaina egitea, alegia. Amy Acton, Ohioko gobernadore izateko hautagai demokrata eta Ramaswamyren aurkariak haurtzaro izugarria izan zuen. Aitaordeak hiru urtez bortxatu zuen, egun hautagai eta orduan neskatoa zenak 12 urte zituenean atxilotu zuten arte. Epaiketa baino lehen gizonak ihes egin zuen, ordea, eta Actonen haurren zaintza galdu zuen. 1978tik ez dute harremanik izan ama-alabek. Bada, Ramaswamyk oniritzia eman zion amak hautagai demokratari gezurti deitzen zion iragarkia aireratzeari. Eta Trumpek? Oso ondo iritzi dio iragarkiari. Baten batek ohartarazi die errepublikanoei ezetz, hautagai demokrata baino errepublikanoa uzten duela nabarmen, eta botoak uxatzen dizkiela. Dagoeneko erretiratu dute.
Kasuak agerian uzten du errepublikanoen itsukeria, horratik. Astearteko galeraren psikosiak gorantz egin ahala, ia ehun urtez errepublikano bozkatu duten nekazarien estatuetako inkestak ikusita (Kansas, Iowa zein Nebraskan orain ulertu dute Irango gerrak beren traktoreetako dieselean izan duen eragina), Trumpek kanpainako esaldi nagusietakoa bota zien: «Bozka ezazue, boto-paperean ni banengo bezala». «Ni, Trump», alderdiaren ukabil itxi eta bateratzaile legez, inor artaldetik irten gabe.
Demokratek berehala egin dute bere Trumpen leloa: «Bozka ezazue boto-paperean Trump balego bezala». Eta Trumpekin batera, Maine eta Michigan ito dituen Kanadarekiko muga-zergak, edo nekazari-estatuak etorkinen laneskurik gabe utzi dituen ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren politikak. Eta nola ez, auto-gidari, laborari zein beste edozein eremutako prezioak legealdiko une gorenera igo dituen Iranekiko gerra, Ormuzeko itsasartearen itxiera eta erregaien salneurria etengabeko igoera.
Argudio gutxi dute errepublikanoek defentsarako, administrazioaren neurrien alde egiteko boto-emaileen aurrean. Neurri batean, agintaldi erdiko hauteskunde guztietan dauka arazo hori gobernuan dagoen alderdiak. Horren aurrean, estatua zuzen ordezkatu duela agintzea izan ohi da hautagaiaren estrategia. Baina marko hori kendu die Trumpek, eta aurkari demokratari irain eta iseka egitea baino ez zaie geratu, horrek euren burua ere nabarmen utzi arren. Proposatzekorik ez, eta gezurrez eta irainez betetzea argudioa, sekula demokrata bozkatzerik pentsatuko ez zuenengan eraginik izango dutelakoan.
AZKEN ITXAROPENA
Ez da ahaztu behar egun 53-47ko gehiengoa daukatela errepublikanoek Senatuan. Duela hiruzpalau hilabete, errazagoa zirudien Michiganen 54. aulkia lortzea, demokrata zentrista eta ezkertiarren arteko zatiketa baliatuta, beren ohiko gotorlekuetan hondamendia gertatzea baino. Ipar Carolina gal zezaketen, agian Maine ere bai, baina gehiengo errepublikanoak ziurra zirudien horrela ere.
Hori dute itxaropen nagusi oraindik ere errepublikanoek. Batzuk ohartzen dira, hala ere, Ordezkarien Ganbera galdu eta Senatuari doi-doi eustea, boto-galera handia izan arren, garaipen gisa saldu ahalko dutela errepublikanoek… eta Trumpek berak. Eta hortxe dago inkognita: 80 urte ditu, bere gainbehera fisikoa nabarmena da, eta agintean bi urte geratzen zaizkio gehienez ere. Garaipen gisa sal dezakeen porrot batek on egingo lioke presidenteari, baina ez derrigor errepublikanoei.
Bestea, inkestak bete-betean asmatzea eta errepublikanoen porrot handia gauzatzea litzateke. Ipar Carolina, Maine, Texas, Ohio galtzea, edo are gehiago, Iowa, Kansas, Nebraska eta ezinezko ziruditen beste barruti batzuk (Trump hasi da balizko porroterako aitzakia eta erantzule bila, noski, bera ez beste edonor).
Ontzia hondorantz doala, leialtasun itsuari eusteak ontziarekin batera hondoratzeko baino ez du balio. Interesgarria izango da ikustea JD Vance, Marco Rubio, Vivek Ramaswamy eta gainerako errepublikanoen taldea, Trumpengandik noiz eta nola hasten diren bereizten ikustea, azken urteotan denon aurrean egin dutena egin dutela ukatuz. Eta jakinda, euretako inork ez daukala lotsagabeki hauspotu duten liderraren indar edo erakartzeko gaitasun ultraren laurdenik ere.

Reunidos por EH Bildu: de separarse en Txiberta a llamar hoy a la unidad

Guía para este 11N: huelga, marchas mañana y tarde... ¿y desahucios?

«Komunitate sektarioetako egiturak oso maiz aurkitzen ditugu gurean»

Manifiesto plural contra el fascismo con llamada a salir a la calle y a votar
