GARA

SARIA, MARRAZOA MARKATU ZUTENEI

Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) Ondarroako Arlanpi tretzaontzia saritu du.

Aztiko kide bat, markatutako marrazo batekin.
Aztiko kide bat, markatutako marrazo batekin. (AZTI)

Ondarroako Arlanpi tretzaontzia saritu du Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT), marrazoen kudeaketarako datuak emateagatik. Zehazki, berreskuratutako marken urteko zozketako marrazoen kategorian saritu dute, ikerketa zentroari markatutako marrazo urdin bat berriz harrapatu zuela jakinarazteagatik. Zozketa horren bidez, ICCATek arrantza sektorearen parte hartzea sustatzen du, aholkularitza zientifikorako eta itsas baliabideen nazioarteko kudeaketarako datuak biltzeko. Ekimenak «indartu egiten du ozeanoko eremu zabaletan mugitzen diren espezieak aztertzeko beharrezkoa den lankidetza; izan ere, haien jarraipena egiteko, hainbat flotaren eta ikerketa talderen behaketak bildu behar dira». Markatutako marrazo urdina 150 zentimetroko eme bat zen, 2024ko uztailaren 30ean markatu zutena, Hondarribia pareko ezpondan, plataforma kontinentalaren ertzean, Blueshark proiektuaren barruan. Hilabete geroago, Bermeo parean harrapatu zuten berriz. Marka berreskuratu zela jakinarazteari esker, bi kokalekuak lotu eta alearen joan-etorriak aztertzeko beste datu bat lortu ahal izan zen.