Yasmine KHRIS MAANSRI
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Haizearen belarrira

Whatsapp bat. Amak: «15 gradu gaur, ze hotz!». Egia da, Mediterraneoko txoko horretan ez gara ohituta zero inguruan grabitatzen den termometrora. Hori bai, klimaren beste elementu batek jotzen gaitu, literalki: haizeak. “Mistral” izena du gureak, indartsu, lehor eta hotza. Urteko sasoi honetan, bereziki gogor dabil -100 kilometro orduko lastertasuna har dezake-. Etxeko jargoian, «erotu egiten duen haizea» diogu. Esaera hori ez da gure eskualdearen berezkoa, kultura batzuk lotzen zaizkio nolabait elementu meteorologiko horri: beldurrez, samurtasunez edo sinpleki mintzatuz.

Hoda Afshar argazkilari irandar-australiarra Ormuz munduko mapan jartzen ari zen jada, Trumpek piztutako gerra baino lehen ere, haizeari buruzko erakusketa batekin. Bertako uharteetan, uste batek dio itsasartean haizeak jotzeak gaixotasuna eta zorigaitza ekartzen dituela, eta kaltetuendako sendabide bakarrak xaman baten kantu erritualak eta poesia direla. Hitz sendagarri horiek swahiliz, arabieraz edo farsiz eskaintzen direla haizearen jatorriaren arabera, tokiko praktiken aniztasuna adieraziz.

Euri-jasa, ekaitza eta batez besteko tenperatura 5°C-koa iragarri dute biharko Euskal Herrian. Nik euskaraz eginen diot, hotz madarikatuaz kexatzeko bada ere.