Jon LEUNDA
aizkora Nafarroako Lehen Mailako finala

Floren Nazabalek koska bat gorago jarraitzen du

Etxarriko txapeldunak hasieratik hartu zuen aurre, eta amaieran lau minutu pasako aldea kendu zion bigarren postuan sailkatu zen Jon Rekondori.

Floren Nazabal gainerako guztien gainetik dago, eta atzo argi eta garbi erakutsi zuen Nafarroako Lehen Mailako finalean. Etxarrikoak garaipena oso erraz lortu zuen, bigarren sailkatu zen Jon Rekondori lau minutu pasako aldea kenduta.

Orain dela hilabete Etxarrin jokatu zen kanporaketako bost onenak lehiatu ziren atzo jendez gainezka zegoen Doneztebeko pilotalekuan, eta aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Nazabalek hasieratik erakutsi zen han nagusia zein zen, eta lehen enborretik jarri zen aurretik. Lanak aurrera joan ahala ikusi zen txapela zeinek jantziko zuen, eta lehen posturako ez zen inongo emoziorik egon, Etxarrikoak besteak baino askoz ere lehenago amaitu baitzituen berak egin behar zituen lan guztiak.

Bigarren posturako emozio gehiago egon zen, han lehiatu baitziren Lopez eta Rekondo. Parean ere ibili baziren ere, Leitzakoak aurre hartu zion, eta amaierarako berak ere bere bigarren postua segurtatu egin zuen, minutu bat pasatxoko tartea kendu baitzion Juanjo Lopezi. Agian atzoko emoziorik handiena hortxe egon zen.

Ruben Saralegik ere aitzakiarik gabeko lana egin zuen. Lehen aldiz jokatu zuen finala, eta atzoko gazteena ere bera zen. Laugarren postuan sailkatu zen kanporaketan, eta atzo postu horri eusteko modua egin zuen.

Antonio Senosiain izan zen kanporaketan azkena, eta atzoko finalean ere horrelaxe izan zen. Olaguekoa berehala geratu zen atzera, eta ezin izan zuen bosgarren postu hori gainditu. Amaieran Floren Nazabalek ia hamabi minutuko tartea kendu zion, baina atzo finalean aritu zen aizkolaririk beteranoenarentzat finalean izatea zen hasierako helburua, eta hori lortuta etxeratu zen.

Trontza

Nafarroko Bigarren Mailako finala ere jokatu zen, eta aizkoran izan ez zen emozioa trontzalariek ekarri zuten, amaieran zazpi segundoko tartea besterik ez baitzen egon, lehian aritu ziren bi bikoteen artean. Xabier Urrutiak eta Daniel Saldiasek lortu zuten garaipena, eta datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela ere lortu zuten.

Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eman behar izan zizkion, eta zutik jarritakoari, berriz, lau. 5.08 izan zen irabazleen denbora eta 5.15, Oteizarena eta Berruezorena.

Joseba Esnaolak 200 kiloko harri errektangularra berdindu nahi du bizkarrean

Joseba Esnaolak 200 kiloko harri errektangularra berdindu nahi du bizkarrean, horrela marka pertsonala lortzeko. Berrobiko 19 urteko gazte honek bere herriko pilotalekuan egingo du saiakera bihar arratsaldean, 18.00etan.

Esnaola gogotik ari da lanean marka hau egiteko asmoarekin. Behetik gora indarrean datozen harri-jasotzaile gazte horietako bat da gipuzkoarra. Herrian arituta, ez zaio animorik faltako, eta berak ere ez du hutsik egin nahiko.

Jaialdia osatzeko, Aimar Irigoien eta Izeta II.a ere arituko dira. Danena taldeko halterofiliako kirolariek ere egingo dute erakustaldia. J.L.