Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Tinta lurrinkorreko paperak

Ez, ez zait erraza egiten mundua ulertzea, kreditu dexenteko ikastaroak ordaindu arren. Jainkoak berak ulertuko balu sikiera? ez zen jainkoa izango gero!. Portzierto, goiko horrek Lurreko geriatrikoan gerente ipini duena progresistagoa da ohiko sozialista asko baino, parentesia itxi dut. Bai, ez zait erraza egiten ekonomiakoa ulertzea; akaso dago mundua ekonomiatik harago?. Ondasunak sortzen dituela ekonomiak, horixe aspaldi entzuna, baina hondamenak ere sortzen ditu, hori ofizialean xuxurlatu besterik egiten ez badute ere. Eta hondamenak ondasunak baino zabalago eta sozialagoak direnean non da ekonomiaren ona?. Burtsan! oihukatuko luke lerdoren batek muki transgenikoak erabilera bakarreko belusezko mukizapi batera bilduta, burtsannn!. Lerdoa halakoa!. Lehengo prêt-a-porter hartatik gaurko prêt-a-jeter horretara. Tira, harira!. Horra, kasurako, lehen izen handi- koa eta orain izen txikikoa den kooperatibarena. Likidatzeko bidean jarri dute ezin izan dutelako solidotu, baina solido izateko likidezia behar zuen, zeinek ulertu tamainako zera? ekonomialariek, ez dut uste. Are gehiago, itxuraz saltzaileekin lehiakorra izan ez eta hara! hartzekodunekin lehiatzera!. Ama, ama! hamaika zertzeko dira!. Poeta andaluziarrarena gogoan, gaixo egotea baino okerragoa da sendagile txarra izatea!. Eta sendagile txarrek antidotorik ez, eurenarentzat.

Ez, ez du erraza Nazio Batuen Erakundeak! Nahikoa lan badu erakunde agertzeko, nazioak batzea ezinezkoa duelako; lehenengo eta hirugarren munduek lehenengo eta hirugarren munduetan dirauten bitartean ezinezko. Eta noiz edo noiz mundu bakar bateko nazioak balira, nago ni, zoru logikoa oinarri, oraindik ez den bigarren mundua izango litzatekeela hori, mundu mapa bera bazterretan koloreak zabal irabazita eta erdian zabal galduta editatuko dela. Bai, golkoa bete kontu dabil NBE hori. Horra! Goi bilera du, klimaren harira. Nazio berotzaileak eta berotuak mahai bueltan, aire hotz girotuan. Zenbat gauza ez ote diren han esango!. Asko entzungo ere, inguruan behintzat. Horietatik hainbat paperean ipintzea, litekeena da. Baina zenbat hitz sinatuko duten, hori beste kontua da, zein esalditara bildutako hitzak izango? zein tinta motaz sinatuko?. Hain dira batzuk tinta lurrinkorrak!. Eta paperak paper!.