18/11/2013

Joseba Esnaolak bapo bete du bere helburu nagusia

Berrobikoak lau aldiz jaso du 200 kilokoa bost minutuko txanda bakarrean.

Jon LEUNDA
P036_f02_022x022

Joseba Esnaolak bere helburua bete zuen atzo Berrobin, 200 kiloko errektangularra lau aldiz jaso baitzuen bost minutuko txanda bakar batean. 19 urteko gazteak marka pertsonala jarri nahi zuen harri hori jasota, eta lan bikaina egiteaz gain, emandako itxura ere paregabea izan zen, indarra soberan eta teknika bikaina dituela erakutsi baitzuen gipuzkoarrak.

Jendez gainezka zegoen Berrobiko pilotalekua, eta Esnaolak ez zuen hutsik egin. Iñaki Gorostidiren gidaritzapean lan bikaina egin zuen. 150 kiloko harri errektangularrarekin aritu zen berotzen, lau aldiz jaso baitzuen bizkarraren gainean. Hura bazterrean utzi eta 185 kilokoa jarri zioten aurrean. Hura bularreraino jaso eta bota egin zuen, ordurako nahikoa berotuta eta lanean hasteko prest baitzegoen jada. Behin egin beharreko berotze ariketak egin ostean, 200 kilokoa jarri zioten aurrean.

Behin jasotzea nahikoa zuen helburua betetzeko, baina Esnaolak gehiagotan jasotzeko indarra eta maina bazeuzkala erakutsi nahi izan zuen. Hala, beste hiru jasoaldi gehiago eman zizkion harriari, azkenean lau jasoaldiko marka ederra eginez.

Esnaola Berrobikoa da, 19 urte besterik ez ditu oraindik eta 129 kilo pisatzen ditu. Lehen jasoaldia 12 segundoan egin zuen. Bigarrena, minutu eta 54 segundoan, hirugarrena 3 minutu eta 32 segundoan, eta laugarrena eta azkena, berriz, 4 minutu eta 57 segundoan.

Saioa amaitu ostean, pozez gainezka zegoen Berrobiko harri-jasotzailea. «Egia esan oso gustura geratu naiz. Helburua jasoaldi bat egitea zen. Behin hori lortuta hiru edo lau egingo genituela erabakita genuen, eta, azkenean, lau jaso ditut. Oso gustura nago», aitortu zuen kirolari berrobiarrak. Emandako itxura ere paregabea izan zen. Harria bizkarrean berdintzen zuenean, oso atzean edukitzen zuen, inork zalantzarik ez izateko. «Horrela egiten dut lan. Entrenamenduetan ere atzean edukitzen dut harria. Horrela hobea da segituan botatzea baino, zalantza gutxiago izaten dira», esan zuen.

Jendetza batu zen atzo Berrobiko pilotalekuan bera ikusteko asmoarekin, eta horrekin ere oso gustura zegoen harri-jasotzaile gipuzkoarra. «Egia esan horrenbeste jendek ez zidan inoiz txalorik jo. Oso polita izan da», aitortu zuen. Etorkizunari begira ere harri guztiekin jarraitzeko asmoa agertu zuen. «Pisu gehiago jaso dezakedala uste dut, eta orokorrean harri guztiekin aritzeko asmoa daukat, nahiz eta hori denborak erakutsiko duen», esan zuen atzo bere herrian marka bikaina lortu zuen Joseba Esnaola gazteak.