GARA

Baterak antolatu manifestaldira batzeko deialdi jendetsua egin dute Maulen

Ehun lagun inguru batu ziren atzo goizean Mauleko Herriko Etxean, datorren larunbatean, Batera plataformak antolatuta, hiriburuko kaleak zeharkatu dituen manifestazioarekin bat egin eta bertan parte hartzeko deia egiteko. Herrietako hautetsiekin batera, kultura, kirol eta euskara arloko hainbat ordezkari ezagun izan ziren, bai eta Sohütako eta Alozeko ikastoletako ordezkariak ere, besteak beste. Horien guztien izenean Muskildiko zinegotzi Leonie Agergaraik hartu zuen hitza eta Batera plataformak antolatu duen deiaren garrantzia nabarmendu zuen.

Larunbatean, arratsaldeko 15.00etan, abiatuko den mobilizazioarekin Parisek euskal lurralde elkargoa eratzeko aldarrikapenari emandako ezezkoa salatuko dute eta, halaber, euskal lurralde elkargoa aldarri egiten jarraitzeko asmoa berretsiko da.

Horrez gain, karriketan ikastolek Parisko Gobernuaren aldetik jasaten duten jazarpena kritikatuko da eta Euskal Herriarentzako laborantza ganbera ofiziala eta berezko unibertsitatea aldarrikatu.