Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Kelia Moniz, longboardeko munduko txapelduna

Txinan irabazi du nesken munduko longboard titulua Kelia Moniz hawaiiarrak.

Taula luzeko modalitatean (longboard) lehen mailako txapelketa bakar bat egiten da urtero, bai emakumezkoen bai gizonezkoen kasuan. Bigarren mailako txapelketa kalifikatzaileak ere egiten dira beste modalitateetan bezala, izar bat eta sei izar artekoak. Aurtengoan halako sei txapelketa egin dituzte gizonezkoen kasuan eta emakumezkoetan, berriz, bat gutxiago, alegia, sei txapelketa.

Munduko longboard titulua lortzeko txapelketa Txinan egin dute eta emakumezkoen kategorian Kelia Moniz hawaiiarrak irabazi du. Mutilak aste honetan bertan ari dira leku berean munduko titulua eskuratzeko lehian; beraz, datozen orduetan jakingo da 2013ko longboardeko gizonezko txapelduna zein den.

Hirugarren aldiz, munduko longboard txapelketa Txinan egin dute, eta finalean aurreko urteetako bi finalistak izan dira aurrez aurre. 2011. urtean, Chelsea Williams australiarrak Kelia Moniz garaitu eta munduko titulua eskuratu zuen. Iaz, ordea, Moniz gailendu zen, eta aurten ere hawaiiarrak irabazi du.

Kelia Monizek 20 urte besterik ez dauzka, baina bi bider munduko longboard titulua eskuratu ostean, kirol honen historiaren parte bilakatu da. Bikain aritu zen txapelketak iraun zuen artean; indarra eta ariketak egiteko lasaitasuna uztartu zituen. Ariketek errazak ziruditen neskato gaztea olatu gainean ikusita, eta horixe da modalitate honetan garrantzitsuena, arintasunez aritzea eta estiloa erakustea, alegia.

Finala amaitu eta txapela eskuratu zuela jakin zuenean Hawaiiko bandera atera zuen, baina ez zen edozein bandera, pasa den urrian Carissa Moore hawaiiarrak Portugalen munduko titulua eskuratu ostean soinean eraman zuen bandera berbera zen.

«Oraindik ezin dut sinetsi, etxera joan eta ospatzen hasi arte ez dut benetan irabazi dudala sentituko», zioen Monizek pozarren. Aurkariak sortzen zion ezinegona ere onartu zuen hawaiiarrak: «Txapelketaren hasieran ez nuen sentitzen nire onena ematen ari nintzenik; gainera, Chelsea zortzi puntuko olatuak egiten ari zen txanda guztietan, beraz, apur bat beldurtuta iritsi nintzen finalera».

Chelsea Williams txapelketa osoan nagusi izan zela esan daiteke. Bera zen faboritoa, baina azkenean bigarren postuan geratu zen. Munduko txapelketa batean bigarren postuan geratzen zen laugarren aldia izan zen, baina, hala ere, zorion hitzak baino ez zituen izan irabazlearentzat eta txapelketako antolatzaileentzat.

Honela mintzatu zen Chelsea Williams: «Txapelketa bikaina izan da, surf bikaina egin dute lehiakideek, eta ondo pasa ahal izan dugu. Aurtengoan munduko titulua eskuratzeko moduan surf egiten ari nintzela sentitzen nuen, baina hori da surfa, hor zaude itsasoan, olatuekin eta surflari bikainekin lehian».