J.L.
sokatira

Sokarri taldeak itxura bikaina emanez eskuratu du denboraldiko lehen txapela

Sokarrik jantzi zuen denboraldiko lehen txapela, berak irabazi baitzuen herenegun Aian jokatu zen 320 kiloko finala. Aurreko bi asteetan jokatu ziren ligaxkako bi saioetako sei onenak neurtu ziren Aiako finalean, eta ikuskizun aparta eman zuten.

Sokarrik lortu zuen garaipena, jokatutako tiraldi guztiak irabazita. Arrigorriagakoek itxura aparta eman zuten, eta gainerako pisuetarako ere kontuan hartu beharko dira. Bigarren postuan Ñapurrak taldea sailkatu zen, eta postua erabakitzeko ere tiraldi bikainak ikusi ziren.

Ezpeletako taldea eta Ibarra A berdinduta geratu ziren sailkapenean, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten. Biak ere azkeneko saio honetara nahikoa nekatuta heldu ziren, eta amaieran lapurtarrek eraman zituzten bi tiraldiak, eta horrela zilarrezko domina eskuratu. Ibarrakoak brontzezkoarekin ase behar izan zuten.

Abadiño sailkatu zen laugarren postuan. Beraiengan itxaropen dezentea zegoen, nahiz eta kanporaketan ere ez den lehenengo izan. Hasi ongi egin ziren, baina gero apur bat behera egin zuten, eta bukaeran laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Bosgarren sailkatu zen Baigorri. Nafarroa Beherekoek itxura ona eman zuten kanporaketetan, eta finalean ere bai, nahiz eta Ibarra C bakarrik menderatu ahal izan zuten. Ibarra C sailkatu zen azkena. Finalera doi-doi sailkatu zen, eta helburua beteta joan ziren Aiara. Han ezin izan zuten azkeneko postutik irten, nahiz eta ez zuten batere lan txarra egin.