Jon LEUNDA
Aizkora | Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala

Zortzi segundok erabaki zuten Telletxearen alde

Eneko Otañok amaitu zuen bigarren postuan, eta Beizamakoa ere Bigarren Mailara igoko da.

Joxemari Telletxeak irabazi zuen atzo Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala, eta bigarren geratu zen Eneko Otaño. Bi hauek datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko moduan izango dira.

Beraiek ziren atzokoan garaipena lortzeko eta lehen bi postuetan geratzeko faborito nagusiak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Hori bai, finala dotorea ikusi zen, lehen bien artean zortzi segundo baino ez baitziren egon, eta aurreneko lau sailkatuen artean, berriz, minutu bat. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Jendeak emozioa eta lehia ikusi nahi izaten du, eta atzokoan horixe izan zuten Amazabal pilotalekua ia bete zuten zaleek, emozioa ez baitzen amaitu bukaerara arte, ez lehen posturako, ez eta hirugarren posturako ere. Telletxea eta Otaño ziren faborito, eta berahala ikusi zen bien artean lehia handia izango zela. Kanporaketan Otañok aurretik amaitu zuen, baina orduan ere ez zen tarte handirik egon, ez eta atzo ere.

Mieltxo Mindegia, Miel Mindegiaren semerik gazteena, ere tartean sartu nahian ibili zen, eta une batzuetan sartuko zela zirudien, baina amaiera aldera behera egin zuen, eta hirugarren postuari ere eutsi ezinik, laugarren amaitu zuen, txapela jantzi zuen Telletxearengandik minutu batera. Podiuma osatu zuena Iban Resano izan zen. Guztiak ere minutu batean sartu ziren, eta hori zaleek ederki eskertu zuten. Lana ez zen handia, baina askotan eman izan dira atzokoan baino alde handiagoak.

Asier Pellejerok eskuratu zuen bosgarren postua, eta hura ere ez zen oso aparte geratu, lehen postutik minutu bat eta 49 segundora geratu zen. Ustekabea eman zuena Beltza izan zen. Berarengan ere batzuek bazuten itxaropenik, baina nafarrak ez zuen izan atzo bere egunik onena. Hasieratik nahastu zen epaietan eta ia enbor guztietan buelta eman behar izan zuen enborra moztu ahal izateko, eta azkenean seigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, lehen postua lortu zuen Telletxearengandik hiru minutu eta erdira. Azkenean atzoko zaharrena eta gazteena sailkatu ziren lehen bi postuetan, eta beraientzat izango da Bigarren Mailan aritzeko txartela. Telletxea lehen ere aritutakoa da maila horretan, Eneko Otaño, berriz, aurreneko aldiz arituko da Bigarren Mailan.