Jon LEUNDA
Top 14

Garaipenaren bidetik jarraitu behar da gora begiratzeko

Azken partidetan egindako lan onari jarraipena eman beharrean dira bai Biarritz bai Baionako Aviron.

Arazoak atzean uzteko garaipenaren bidetik jarraitu beharra dute Biarritzek eta Avironek. Azken horiek jadanik jaitsiera postuetatik kanpo daude, baina ez biarriztarrak, eta irabazita ere ez lirateke aterako; hori bai, asko gerturatuko lirateke. Galdu eta euren aurkari zuzenek irabaziko balute, aldiz, atzerapauso handia emango lukete.

Biarritz bi garaipen jarraian lortuta iritsi da gaurko norgehiagokara. Hain zuzen ere, Bordele hartuko du Agileran, 18.30ean. Dagoeneko Biarritzentzat partida guztiak garrantzitsuak badira, gaurkoa are funtsezkoagoa da, une honetan mailari eusteko borrokan aurkari zuena baitu Biarritzek Bordeleko taldea.

Zuri-gorriek 16 puntu dituzte eta sailkapeneko azken postuan jarraitzen dute, hiru garaipen bakarrik lortuta. Bordelek bost partida irabazi ditu, eta hamar puntu gehiago ditu. Puntu gehigarria lortzea ere primeran etorriko litzaioke Biarritzi, horrekin Bordele bost puntura izango bailuke. Une honetan, ordea, irabaztea bakarrik eskatu behar zaio Biarritzi. Egoera zailean dago, eta puntuak launaka lortzea ere ez legoke gaizki. «Racingen aurka partida irabazteak indar handia eman zigun. Horrek asko lagundu digu etorkizuna beste era batera ikusteko. Gero Brive menderatzean konturatu ginen gora joan gaitezkeela», esan zuen Benoit Guyotz Biarritzeko jokalariak.

Ordu berean, Avironek Castresen zelaian jokatuko du. Baionakoek orain arte ez dute etxetik kanpo garaipen bakar bat ere lortu, eta iritsi da horretarako garaia. Gaur baionarrek aurrean izango duten taldea sei puntura daukate, nahiz eta bosgarren postuan dagoen.

Beraz, gaur lapurtarrek irabaziko balute, sailkapenean ere jauzi polita egingo lukete, baina, galtzen badute, jaitsierako postuan ere sar daitezke, betiere atzetik duten Oyonnaxek irabaziko balu.

Aviron oso indartsu agertu da bere zelaian, partida bat ez beste guztiak irabazi egin ditu, baina arazoak etxetik irtendakoan agertzen dira, eta hori konpontzen hasteko garaia ere iritsi da. Horrez gain, kanpoan jokatzen duenean beste arazo bat ere agertu da, bigarren zatietan desagertu egiten baita Aviron. Aste honetan jokalariek eta entrenatzaileek garbi utzi dute hori dela aurrena konpondu beharrekoa, garaipenik lortu nahi bada.

Hamabostekorik ez dute eman ezagutzera, baina deialdia honako jokalari hauek osatzen dute: Igiñiz, Van Rensburg, Etrillard, Roumieu, Tialata, Muller, Senekal, Fa'oso, Chisholm, Marmouyet, Monribot, Puricelli, Fonua, Olivon, Belie, Rouet, Brett, Ahotaeiloa, Fernandez, Rokocoko, O'Connor, Fuster, Bustos Moyano eta Spedding. Garces izango da epailea.