Alvaro HILARIO DURANGO
Entrevue
Nerea Mujika
Gerediaga Elkarteko presidentea

«Bisitari moduan ere, harro sentitzeko esperientzia da Azoka»

Nerea Mujikak (Durango, 1960) Nafarroako Unibertsitatean burutu zituen Geografia ikasketak eta Durangaldeko geografiaren gaineko bere doktore-tesia Deustuko Unibertsitatean aurkeztu zuen. Bertan sartu zen irakasle 1982an: eta gaur egun, toponimia ikertzea helburu duen unibertsitateko Deiker institutuaren zuzendaria da. 2003an, tesia amaitzean, Gerediaga Elkarteko presidente izendatu zuten.

Pozarren agertu zen Nerea Mujika, Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteko presidentea, aurtengo 48. edizioaren gaineko lehenengo balorazioa zabaltzeko deitutako prentsaurrekoan. Izan ere, «lehenengo balorazioa, lehenengo inpresioa oso baikorra da», horiek izan ziren bere aurreneko hitzak. «Jendearen erantzuna izugarria izan da, sekulako babesa eta gogoa erakutsi duelako», esan zuen, larunbatean Landakon ipinitako zenbagailuek 120.000 bisitarien marka ere gainditu zutela gogoraraziz jarraian. Hain zuzen, horien parte-hartzea ere azpimarratu zuen Mujikak: «Landako erakustazoka beteta ikusi dugu, eta gune guztietan jendetza ibili da etengabe. Eta bestetik, jendeak parte hartzeko sekulako gogoa erakutsi du». Gainera, bertaratuek gune guztiak bisitatu izan dituzte, erakustazokatik bertatik Szenatokiraino. «Zortzi guneak Durangon hedatzeak arnasa eman dio Azokari, eta kulturzaleek guztiez gozatu dute kultur plaza bakarrean: zinemaz, literaturaz, musikaz, teknologia digitalez, eta batez ere sortzaileen azken lanez».

«Durangoko Azoka Azoka Hiria bihurtu da», esan zuen Gerediaga Elkarteko presidenteak; «Azokak ateak zabaldu dituenetik, Plateruenako kontzertuak bukatu arte» ekitaldietan jende asko bildu izan dela esanez segitu zuen Mujikak, eta bestalde, Durangoko herrian izan duen eragin ekonomikoa positiboa izan dela nabarmendu.

Azken lau egunetan zehar eutsitako erritmoan etena eginez, GARArekin berba egin zuen Nerea Mujikak.

Zorionak, lehenengo eta behin, gerrikoa estutu behar izan baduzue ere, arrakastatsua suertatu baita aurtengo 48. edizio hau. Aurten, zortzi guneak Durangon zehar hedatzeak eragindako ibilbideak, Landakori arnasa eman diona, arrakastaren gakoetako bat izan ei da. Besteak beste, ekitaldi guztien kalitate mailan nabaria izan da.

Nik uste dut asmatu egin dugula. Esan behar da ere urte batzuk daramatzagula bide honetatik, baina, benetan, nik uste dut asko zaindu dugula ekitaldi guztien maila, koordinazio kontuak... Lan gris asko, ikusten ez diren horietakoak, baina azkenean bistan gelditzen direnak. Ibilbide horrek ematen duen aukera da, nire ustez; hau da, oso jende ezberdinak -familia bateko aita pozik egon liteke eta 18 urteko semea ere pozik etor liteke- kulturaren inguruan plan ezberdinak egiteko moduko egitaraua antolatu dugu. Bestalde, ardura handia geneukan jende gaztearekin -eta badugu-, jende gazte hori guztia Azokara zelan erakarri.

Alde horretatik, Ikasle Egunak ere zerikusirik izan omen du, ezta?

Hor bai, lan ikaragarria izan da! Gune guztiek ekitaldi berezi bana prestatu dute ikasleei begira, eta denetan medio horrek, bizipoza horrek eman dit... Goizez horrenbeste neska-mutiko koxkor pasilloetan barrena ikusteak, eta gero mila lagunek ekintza zehatz batzuetan parte hartzeak -gainera modu bikainean- niri itzelezko poza eman dit.

Azokak euskal kulturgintza eta euskaltzaletasuna uztartzen ditu, alde bientzat garrantzitsua izanik. Ekonomikoki inportantea da industriarentzat.

Kulturaren zirkuitu osoa ikusten da hemen. Sortzaileekin aurrez aurre egoteko aukera dago, Ahotsenean edo standetan; hori gozatzeko moduko prozesua duzu, eta aukera daukazu ere etxera eroateko. Orduan, alde horretatik -gehi sentitzen ez dena, esperientziak, giroa... Beti aipatzen dugun hori guztia- Azokak modu integralean, osotuan, euskal kulturari ematen dio irudi osoa, ez bakarrik kontzertu bat: bada kontzertua eta hor aukera daukazu dena modu kontzentratu batean ikusteko ere; nik uste ona dela, harro sentitzeko esperientzia dela, baita bisitari moduan ere.

Iaz baino stand gutxiago egon da. Ez dakit enpresa txikiak ala handiak diren aurten etorri ez direnak.

Denetarik. Ez dugu lan azterketa sakona egin, baina nik dakidanaren arabera enpresa handienak diren stand kopurua ere -guretzat handiak direnak- jaitsi egin da; txiki batzuk ere ez dira etorri, baina poztekoa da standak gutxitu arren -eta horretan geuk ere nabaritu dugu diru sarreren kopuruan- partaideak ez direla asko murriztu: modu batean edo bestean presente egon dira. Alde horretatik, autoprodukzioaren mundua ere presente egon da; urte asko dira ere bide horretatik lan egiten dela, eta tira, berreskuratu egin da galdutakoa.

Aurtengo edizio hau polemikak zipriztinduta iritsi da. Bere garaian argi eta garbi laga zenuten elkarte bat osatzen duzuela eta zuentzako egokiak ziren erabakiak hartu zenituzten, besterik ez. Hala ere, bitxia da Gerediaga Elkartean edota Azokan gertaturiko ezerk horrenbesteko polemika eragitea, ezta?

Benetan, harrituta gelditu ginen. Elkarte bat gara; gainera, elkarte txiki bat gara. Ekimen hau ikusita ematen du ejertzito bat dagoela lanean, eta lau pertsona daude lanean gure plantillan; hau aurrera ateratzeko guneetako jendea dabil eta geu, bazkide garenok, ordu asko sartzen. Nire iritzia? Herri hau igual horrelakoa da, ezta? Batzuetan, ematen diren erantzunak neurri horretakoak dira ere, baina pasatu da.

Esan nahi izan dut polemikak balio lezakeela Azokaren arrakasta neurtzeko.

Nahiago nuke (barreak) arrakasta neurtu hura guztia, polemika, tartean izan gabe. Arrakasta neurtzen dut jendea eta lagunak ikusten ditudanean hain pozik Azokan, saltzaileak hain pozik, sortzaileak indartuta... Polemika baten ondorioak baino horrek ematen dit benetan indarra eta gogoa baita poztasun handia ere.

Liburuak eusten dio lehenengo ediziotik izan duen protagonismoari

Nahiz eta gerrikoa estutu behar, «ahalik eta Azoka duin eta profesionalena izateko esfortzu itzela egin da», aitortu zuen atzo Gerediaga Elkarteko Nerea Mujikak aurtengo Azokaren gaineko behin-behineko balorazioa iragartzean. Euskal Editoreen Elkarteko zein Musika Industriaren Elkarteko bozeramaileek esandakoa entzunda, sarituak suertatu dira antolatzaileen ahaleginak.

Mujikaren ostean, Euskal Editoreen Elkarteko buru Joxemari Mujika mintzo zen: «Atzo bilera izan genuen elkartekook, eta aho batez azoka ondo doala esan zuten editoreek. Ikuspegi positiboa da; ostiralean izugarrizko jendetza etorri zen, eta orokorrean, ondo saldu da. Hunkigarria da, benetan, zenbat jende biltzen den ikustea». Mujikaren aburuz, inportantea da oso jendeari urte osoan zehar egindako lanaren berri emateko aukera hau. Bestalde, Durangoko Azoka liburuaren inguruan jaio zela gogoraraziz, liburuak protagonismoari eusten diola nabarmendu zuen.

Baikorra ere musika munduaren aldetik Cristian Amorenak luzatu zuen balorazioa: «Nahiz eta krisi ekonomiko handi batean murgilduta egon, aurreko urteekin konparatuz, mantendu egin dira salmentak eta kasu batzuetan igo egin dira. Beraz, gure aurreikuspenak bete dira». Amorenak, gainera, Ahotsenearen kokapen berriak musikari mesede egin diola aipatu zuen. «Artistak eta publikoa hurbilago egon dira». Bidenabar, musika arlokoek (diskoetxe, musikari eta abar) euskal kultura sustatzeko politika berri bat behar dela adierazi zuten.

«%21eko BEZ zergak kalte handia egiten digu. Erakundeek neurri zehatzak hartu behar dituzte, eta politika koherente eta bateratua behar da».

Prentsaurrekoan egon ez bazen ere, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak EAEko barne produktu gordinean (BPG) kultura industriak duen pisua azpimarratu nahi izan zuen Azokara egindako bisitaldian: nahiz eta eragin hori neurtuta ez egon, Europa mailan kulturari lotutako industriak BPGren %4,5 eragiten du, arloan lan egiten duten pertsonak 8,5 milioi direlarik, gazteak batez ere. Horrela, «etorkizuneko sektorea» dela adierazi zuen Tapiak. «Gure eredu ekonomikoan garrantzitsua da industria, besteak beste propioak diren kultura zein nortasunari, ezberdina den egiteko manerari lotuta dagoelako eta hori ere bada gure eredua», esan zuen sailburuak.

Oihane Barrutiak, Saguganbara guneko ordezkari eta guneen bozeramaileak bat egin zuen prentsaurrekoan gainerako kideek erakutsitako baikortasunarekin, eta Ikasleen Egunaren arrakasta azpimarratu zuen: «1.000 ikasle baino gehiago hurbildu ziren Durangora. Gainera, parte hartzeko sekulako gogoa erakutsi zuten, eta tailer guztietan ibili ziren. Orokorrean gune guztietako ordezkariak pozik gaude izandako harrerarekin».

Guneek garatutako ekitaldi propioei dagokienez, pozik agertu zen Barrutia: Ahotseneak gainezka egin du eta «Irudienean ere jendeak erantzun du, lehen aldiz zinema aretoan kokatu arren. Emanaldi batzuetan ilarak ere ikusi ditugu sartzeko, eta oro har parte hartzearekin gustura gaude. Gainera, filmek kalitatez asko irabazi dute». Antzerki maratoiak izandako harrera ona ere gogorarazi nahi izan zuen Oihane Barrutiak. GARA