GARA
Hilberria | Ramon Labaien

Eskubide politiko eta zibilen laguna, euskaltzalea eta independentista

Donostiako alkate, Lakuako Gobernuko lehen Kultura sailburu edota ETB zein HABEko sortzailea izana, euskara eta euskal kultura bultzatzeko egin zuen lanagatik gogoratua izango da Ramon Labaien, baina baita giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan izan zuen parte hartze zuzenagatik edota Euskal Herriaren independentziaren alde beti agertu zuen jarrera argiagatik ere.

Donostiako udaletxean, banderaren makila erdira jarrita zegoen atzo, xingola beltzarekin, Ramon Labaien Santsinenea frankismo osteko Donostiako lehenengo alkatearen heriotzagatik. Euskal Herriko arlo ezberdin eta esparru zabaletan eragin zuen samina Labaienen galerak.

Donostiako ospitalean hil zen larunbat goizaldean EAJko militante historikoa izanik eskubide zibil eta politikoen defentsan bide propioa eta irmoa egin zuen tolosarra.

Azken urteotan, independentziaren aldeko hautu garbia egin zuen Labaienek, bere alderdiaren aldarrietatik harago joanez. Autodeterminazioaren aldekoa, Independentistak sareko bultzatzaileetako bat izan zen, eta talde eragilean jarraitzen zuen lanean, «ekarpen baliotsuak» eginez eta jardueretan parte hartuz, sareko kideek nabarmendu zutenez.

Labaienen «euskaltasuna», «Euskal Herriarekiko maitasuna» eta «Euskal Herriaren batasunaren aldeko lana» aitortu zituen Udalbiltzak atzo. Horrez gain, «Udalbiltza auzian» auzipetuei eman zien babesa eskertu zuen Mertxe Aizpurua elkarteko egungo presidenteak.

Eskubideen defentsan, hainbat borroketan hartu zuen parte EAJren esanetatik urrun. Horrela, alderdien ilegalizazioaren kontrako jarrera argia erakutsi zuen hainbat mobilizazio eta ekimenetan parte hartuz, eta mobilizazio ugaritan azaldu zen euskal presoen eskubideen defentsan, hainbatetan Herriraren ekimenen eskutik. Horren adibide izan zen Iosu Uribetxebarria preso gaixoaren eskubideen aldeko borrokan izan zuen parte hartzea.

Eskubide zibil eta politikoen defentsan Eleak ekimenaren eskutik edota konponbide demokratikoaren alde Gernikako Akordioaren sinatzaileekin batera azaldu zen Labaien.

«Niretzako ikastolak izan dira XX. mendean herri honek ezagutu duen iraultzarik handiena. Neroni Tolosako Laskurain ikastolan hasi nintzen», adierazi zuen GAUR8ri emandako elkarrizketa batean. Euskararen alde egindako lanagatik ere gogoratua izango da Ramon Labaien, edota Korrika eta bestelako ekimenei emandako babesagatik.

Labaienen alderdikideen artean, Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak «euskal kulturaren aldeko aktibista» bat joan dela nabarmendu zuen eta albisteak EAJren baita samina eragin zuela esan zuen. «Badoa gure jakintsuenetako bat», gaineratu zuen Ortuzarrek Labaienen militantzia historikoa goraipatuz.

Juan Carlos Izagirre Donostiako alkateari, berriz, Donostia kiskali zuen sutearen bigarren mendeurrena gogoratzeko ekitaldiei bukaera emango dion erakusketaren inaugurazioa gazi gozoa suertatu zitzaion; «hiriarentzat egun tristea da», esan zuen. «Ramon Labaien pertsonalki asko estimatzen nuen», zioen Izagirrek. «Euskaldun eta abertzale eredugarri hau faltan botako dugu. Goian bego», amaitu zuen.

«Konplizitate asko partekatu ditugu, beti euskal kulturaren alde. Historia zalea izan zen. Saltsa guztietan zegoen sartuta», esan zuen Miren Azkarate euskaltzain eta lagunak.