Amagoia MUJIKA HENDAIA
Entrevue
Amets Arzallus
Bertsolari txapelduna

«Beste finaletan emozioen aje handia izan dut, baina oraingotik bare geratu naiz»

Bare-bare jantzi zuen txapela. Beretzat aspaldi ibiltzen hasi zuen bidearen segida da. Biharamunean, artean finala erabat erantzi gabe, berdin lasai topatu dugu. Irribarretsuago agian, akaso finalean ez baitzuen asmatu zeukan poza aurpegira ekartzen. Baina, bai, oso pozik eta ilusionatuta dago. Iluntzean futbolean entrenatzera joateko asmoa zuen, beharra zuelako.

Finalaren biharamuna ez da samurra. Finalean hitzak, errimak, ideiak eta neurriak errenditu behar dira, eta hurrengo egunean kazetari ilara, bata bestearen segidan. Agenda estuak ez du txapeldunaren aurpegiera estutu, adeitsu hartu gaitu, atsegin, hizlari, jator. Finala gainetik erabat erantzi gabe eta txapela ondoko mahai gainean jarria.

Aurpegi ona duzu oso.

Nahiko ondo nago. Beste finaletan emozioen aje handia izan dut, eta oraingotik, berriz, oso bare gelditu naiz. Sentsazioa daukat distantzia pixka batekin ikusi nuela, erlatibizazioaren distantzia handi batekin eta lasaitasunaren distantziarekin. Atzoko bizipenen termometroa gorputzean jarri eta oroitzapenekin konparatuz gero, orain lau urte askoz hunkidura handiagoarekin bizi izan zuen Maialenekin jokatutako buruz burukoa eta bere txapela. Ez dakit adina izango den edo urteetan zehar pilatzen joaten zaren eskarmentuaren lezioa, baina, bai, patxadaz hartzen dut datorkidan dena eta batez ere ilusioz. Badaukat gogoa orain arteko bidean segitzeko, uste dut sakontzeko bideak eta luzatzeko hariak badaudela, eta hori da motibatzen nauena.

Estrategia bezala distantzia pixka bat jartzea ere beharrezkoa izango da, ezta?

Bai, baina oso estrategia inkontzientea. Gerora, a posteriori, esaten duzu; hori zen bidea. Baina ez da aurretik pentsatutako zerbait, ateratzen zaidan bezala aurkezten naiz egun horretara. Neu ere pixka bat konturatzen nintzen ze bare hartzen ari nintzen dena. Zetorren denari ahalik eta hortzik zorrotzenez heldu eta hitzak mastekatzeko gogoz nengoen, baina aldi berean oso lasai begiratzen nion zetorren denari. Estrategia gorputzak berak asmatuko du, baina burua gero konturatzen da estrategia horretaz.

Txapelaren ospakizuna ere oso barea izan zen.

Bai, gerora Maialenekin aipatu nuen txaloak jasotzen ez jakite hori, edo barrua zabaltzen ez asmatze hori. Baina ni ez naiz oso espresiboa, eta hasten banaiz berezko espresio horretatik aparteko hizkuntza batean, ja iruditzen zait antzezten ari naizela eta orduan deseroso sentitzen naiz. Bertsotan ari naizenean ere hor daude nire hitzak eta horien atzean ezkutatzeko gogoa sentitzen dut.

Goizeko saioarekin geratzen omen zara.

Sustrairekin hasi nintzen. Txiki-txikitatik neurekin bertso bidean hain lagun eta hurbil edukitakoaren konplizitatearekin hasteak babes bat ematen dizu. Final handia hasteko moduko ariketa bat egin genuela uste dut. Ondo hasi zitzaigun eta hori ja laguntza bat da buruarentzat. Txikian Maialenekin egokitu zitzaidan, eta hor ere txispa pixka bat atera zuen saioak eta berriz ere ipurdia gustura jarri nuen aulkian. Eta ja bi ariketa baziren, ez zen gutxi. Puntuka zorte pixka bat izan nuen etorri ziren puntuekin, eta aldeko zortea aprobetxatzen asmatu nuela uste dut. Mainontzin ariketak egoera bihurrian jarri ninduen, baina nola hala ataka estu hartatik ateratzen asmatu nuelako gustura geratu nintzen. Gainera Mendiluzek ariketa latza egin zuen hor eta hori beti da lagungarri, zuri gorantz tira egiten dizulako. Lau horiek eginda neuzkan, eta nahiko gustura.

Eta goizeko kartzela etorri zen.

Batzuetan disgustura zoazenean etsitzeko arriskua izaten da, baina etsipen horri buelta ematen badiozu egin nahi bizi bat sortzen zaizu eta handik askotan erditzen da bertso ona. Eta ni kontrako atakan nengoen. Finala ongi hasten ari nintzen sentsazioarekin nengoen, eta egin nahi bizi hori pixka bat apaltzeko eta baretasun batean iristeko arriskua nuen. Kartzelan bereziki tematu nintzen, nire burua estutu nuen, eguna luze joango zela eta merezi zuela zetozen hiru bertsoak behar bezala mastekatzea. Eta hor atera zitzaidan nire gailurtxo pertsonala. Egia esan, bazkaldu patxada ederrean egin nuen. Beldurtxo batekin ere bai, horri eusten zaila zen, goiz-goizetik esnatuta nengoen eta eguna luze joango zitzaidan beldurra banuen. Eguerdiko etena laburra izatea nahi nuen.

Gehienei iruditu zitzaien bazkaltzeko tartea laburra izan zela. Zuretzat, nahikoa beraz.

Ez nuen nahi luzatzea. Etena etortzen denean prestakuntza, tentsio eta nerbio guzti horiek itsaso baretzera egiten dute eta berriz handik altxatzen zaila izaten da.

Halakoetan batere jaten al duzue bertsolariek?

Oso sukaldari onak geneuzkan eta oso jatun mizkinak izan ginen, eta barkamena eskatu behar izan genien. Oso jaki gozoak eman zizkiguten, zeozer jan genuen eta lagundu zigun. Baina ez da bankete handietarako eguna izaten.

Arratsaldean ez zenuela goizeko sentsazio onik izan diozu.

Fisikoki nahiko ondo eraman nuen. Goizeko seietan esnatuta nengoen, nahiko ondo lo eginda. Aski bezperetako deskantsu onekoa naiz, biharamunean zailxeagoa. Baina burua bertsotarako patxadaren eta tentsioaren arteko oreka egokian izaten gero eta gehiago kostatzen ari zitzaidan. Begirada zorrotz edukitzen, hitz bakoitza ahalik sakonen eta zorrotzen bilatzen, gero eta lodiago zetorkidala sentitzen nuen, ez neukala goizeko fintasuna eta luzeegi egiten hasi zitzaidan ja. Gainera ingurukoek esaten zidaten buruz burukora iristea gerta zitekeela eta momentu batzuk izan ziren bukaera urruti ikusten nuena eta beldurtzen hasi nintzela ea bukaerara nola iritsiko ote nintzen. Arratsalde osoan goizean baino lodiago sentitu nuen nire ahotsa, eta bukaeran pixka bat estutu nuen. Indarrik gabe geratu banintz ere goizeko saioarekin konforme nengoen. Baina nahi nuen bueltatu goizeko sentsazio horretara.

Eta buruz burukoa, berriz, Maialenekin.

Maialenen ahotsa, zorroztasuna, fintasuna, belarrira nola sartzen den... atzetik entzuten egon nintzen momentuetan iritsi zitzaidan, eta esan nion. Hain hari finaren gainean ibiltzea oso zaila da eta Maialenek lortzen du han ibiltzea erori gabe eta gainera transmititzen tentsio gozo hori. Gainera, duela lau urte ni joan nintzen kartzelara eta aurten bera joan da. Eta buruz buruko saio dena entzun nion, eta asko gozatu nuen. Burua joan zitzaidan duela lau urtekora, baina testuingurua oso desberdina zen.

Polita da buruz burukoan, joko puntuagarriaren gailurrean, bi bertsolariek nola heltzen duten batak bestearen eskua azken puntada elkarrekin emateko.

Momentu oso polita da. Konplizitate osoarekin geratzen zara lagun batekin bukaerako bidea egiteko. Ez da bukaerako txapel horren bila joateko bidea, txapelketaren, bertsoaren foku nagusia den azken momentu horren azkeneko pasilloan jartzen gaituzte eta biok batera joateko momentua da. Konplizitate hori gure artean oso barrukoa da eta sentitu egiten da kantuan. Nerbio biziko momentua da, baina oso gozoa era berean.

Apenas lo egin duzun bi egunetan, elkarrizketa mordoa egin behar izan duzu... zertarako gogoa daukazu?

Gogoa daukat bertsotan segitzeko ilusio berdina sentitzeko. Txapelketak bere ahalegina hor du eta baita bere emaitza ere. Agerpen hauek ere joango dira isiltzen eta gogoa daukat berriz nire buruarekin bakarrik aurkitzen naizenean bertsotarako ilusio berdina izateko.

Zer diote futbol taldekoek?

Ez dakit, gero joango naiz entrenatzera. Behar dut, pixka bat burua arnasteko.

«Gurasoei zor diet naizena eta transmisioari egin nion eskaintza»

Polita izan zen txapelaren eskaintza. Gurasoekin akordatu zinen.

Haiei zor diet naizen dena. Aitaren eskutik jaso nuen bertsoaren transmisioa eta amarengan sinbolizatu nuen euskararen transmisioa, nahiz eta biengandik jaso dudan hizkuntza. Bi transmisio sen horien parte sentitzen naiz, isuri hori da hona ekarri nauena eta transmisio horri eskainia zegoen txapela, nahiz eta esateko modua etxekoa izan zen.

Zer moduz pasatu zuten finalaren eguna etxekoek?

Ama normalean ez da saioetara joaten, bakarrik finaletara, eta askotan ez da sartu ere egiten. Antza denez igandean sartu zen, ikusi zutela esan zidaten, nahiz eta sartu-irten batzuk egin omen zituen. Maddalen arrebak esan zidan arratsaldeko puntukako saioa eta gero atera egin zela eta bukaera arte ez zela berriz sartu. Ama nahiko lasai egon zela esan zidaten ikusi zutenek. Gero tauladatik jaitsi eta segidan egon nintzen haiekin. Amak ahozko komunikazioan oso gauza gutxi, baina hitzik gabe gauza asko esan zizkidan. Besarkada luze bat eman zidan, eguneko bere sufrimendu eta poztasun guztia transmititu zizkidan. Aita ez da bereziki pertsona espresiboa eta ikusi nuen espresioaren aurrean izaten duen arau hori nahiko pitzatuta. Lehenengo aldiz ikusi nuen aurpegiera hunkituarekin eta poztu nintzen.

Txapelak hainbeste balio behar du ingurukoen emozio horrek.

Inguruko lagun eta jendearen ilusio hori sentitzen duzu, eta bereziki etxekoena. Aitak eman zidan bertsoaren hazia, eta ikustea gero zer eman duen horrek, pentsatzen dut gauza ederra izango dela eta aitaren aurpegian irakurri nuen hori guztia. Eta amak, berriz, hori eta gehiago ere eman dit. Xalbadorrek esan zuen bezala, asko maite duenak asko sufritzen du, eta amaren eguna horrelakoxea izaten da. Behintzat iritsi zitzaion sufrimenduaren ondoren maitasunaren leherketa hori sentitzeko aukera.