Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Euskal Harria

Pentsatu nahi dut itoginaren azpian urak jan dezan uzteko bezain odolgalduak ez garela izango. Pentsatu nahi dut Euskal Harria irabazteko dugunok ez dugula ezer galtzeko, ezpada loturik daramagun kate lodia

Mendez mende ibili dabilen harria da gure hau. Sisifok legez, pausoz pauso, peko errekatik aldapan gora daramaguna. Baina harria gailurrera bidean ezartzen dugun aldiro agertzen dira bateko mandatariak zein besteko barne ministroak legearen marra gorriak zeintzuk diren gaztigatzera. Harriari izateko eta ekiteko eskubidea ukatu nahi diote democratasdetodalavida-ko bozeramaileek.

Harri honen historia, baina, historia bizia da; egunero egiten ari den historia da eta izate nahiz identitate guztien katalizatzaile da, baina ez da izango izan gabe; ez da egingo egin gabe, bere burua eraiki arte, egiten ari garen harri hau atzokoa, gaurkoa zein biharkoa baita. Xanti Iparragirre bertsolariak laburbildu zuen bere xumean politikari askok esaten asmatuko ez luketen eran: «Gu ez gara berriak, gu betikoak gara eta betiko amets horren atzetik ibiltzeari ez diogu inoiz utziko». Horregatik, hain zuzen ere, Euskal Harria amesgai dugulako, gauzatu nahi dugu euskal harria.

Harri honen bideak gorabeheratsuak izan dira eta dira. Bihurgunez nahiz oztopoz betea dago eta sasibidetik bakebidera egin nahi du; gurutze-bidetik bidegurutzera, behingoz irtenbidera egin dezan; askatasuna du norabide, egia bidelagun. Harri honek badu nondik, nora eta nola egin. Guri dagokigu nondik, nora eta nola egin. Atzotik biharkora, etorkizuna xede duela egiten du harri honek borroka galduen bideetatik, baina ez da menderatua. Aro eta aldi guztiak zeharkatuz heldu da gure eskuetaraino. Guri dagokigu harri hau gailurreraino jasotzea. Politikan nagusitu den politikakeriak eta utzikeriak ezin du harri honen historia ahaztu, ezin du zauritan den memoria hori ezabatu. Memoriak, errelatoak eta zoru etikoak nagusitu diren honetan (askotan benetako gaia desbideratzeko) harri honek bere inkontziente kolektiboan ditu txertatuak atzoko eta gaurko gertaerak, bizipenak edota biolentzia mota guztiak. Iraganak (urrunagokoak eta hurbilagokoak) oso markatua utzi du harri hau eta arrakalez josia dago. Behin eta berriz saiatu dira hausten, erdibitzen, laurdentzen, peko errekara bota dute erabat apur zedin, ahantz genezan betirako; denetariko tresnak (arinagoak zein astunagoak) erabili dituzte zatikitzeko, baina hemen dugu, eskuetan, astun eta desitxuratua, zarpail eta kolpatua bada ere, harri arotik datorkigun Euskal Harria.

Diotenez, iragana ez dago inoiz erabat iraganda eta etorkizuna heltzear da beti. Alta, katea lodi dakarte estatu biek, eta gorrotoa dute lege, mendekua dute amorrazio, peko erreka laiotzean nahi dutelako Euskal Harria. Eta ezin dutelako. Ezin dugu horrelakorik ametitu. Ahaleginak bederen ez dezala huts egin, ez dadila gure utzikeriagatik izan, ez dezagun harri hau peko errekara kondenatu, izango ez denera bestelakotu.

Arestiren Euskal Harri honek ez du bortxa eta jazarpena baino ezagutu. Horregatik pentsatu nahi dut itoginaren azpian urak jan dezan uzteko bezain odolgalduak ez garela izango. Pentsatu nahi dut Euskal Harria irabazteko dugunok ez dugula ezer galtzeko, ezpada loturik daramagun kate lodia.

Euskal Harri hau labratzen hasiko diren eskultoreak behar ditugu lehenbailehen.