Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Balioak krisian?

Lehiaketa gutxi izango dira munduan barna elkartasuna, kooperazioa eta umiltasuna balioak hain presente egongo direna. Irabazteko eta galtzeko modu sano eta eder hori

Slavoj Zizek-ek idatzi zuen halako batean, «don´t fall in love with yourselves». Occupy Wall Street mugimendua sortu zenean idatzi zuen. Ez gaitezen geure buruekin maitemindu; izan ere, espazio bat kolektiboki okupatzeak energia handia aktibatzen eta mugitzen baitu; ostera, edozein parrandak bezala, ajea utz lezake. Halako indar erakustaldiak beharrezkoak badira ere, hori bezain inportantea da saioa amaitu eta hurrengo egunean gertatzen dena. Alegia, gerta liteke ondorengo egunean esnatu eta ametsik gabe ibiltzea garai hobeen nostalgiaz.

Jakina da denboraren joan-etorrian aurrera egiten dugularik, maitemintzearen mitoa birformulatu egiten dugula. Agian hormonen gainbeheragatik, agian eskarmentuagatik, zeinek jakin. Litekeena da horren ondorioz, geure buruaz ari garelarik -sektore abertzale eta eraldatzaileaz ari naiz- ikasi egiten dugula ertzak, deslilurak, argiak, baita ilunak ere ikusten.

Halere, batzuetan gertatzen da. Astindu ederra ematen diguten gertaerak beharrezkoak diren jakitun, igandean BECera hurbildu nintzen lehendabiziko aldiz bertsolari txapelketako finalera. Eta pronostiko guztien kontra, maitemindu egin nintzen, masarekin maitemindu ere. Batzuek esango dute han bildu ginen 13.500 pertsonen arteko lotura ehuntzen zuen elementua euskara izan zela. Nik, ordea, zerbait gehiago gaineratuko nuke; euskarak berez eta bakarrik ez du lortzen hainbeste jenderen arteko sintonia modu horretan hariltzea. Nik behintzat beste hainbeste elementu sentitu nituen komunitate handi hartara konektatu nindutena eta, nire iritziz, hizkuntza bezain garrantzitsuak direnak. Balio jakin batzuez ari naiz. Lehiaketa gutxi izango dira munduan barna, elkartasuna, kooperazioa eta umiltasuna balioak hain presente egongo direna. Irabazteko eta galtzeko modu sano eta eder hori. Liskarrik gabe, lehia hutsalik gabe, pozez zoratuz irabazlearekin, atxikimendu larriz azkenarekin. Elkarrekin eta guztion artean.

Baina astelehenarekin batera biharamuna iritsi da eta BEC-eko besaulki laranjetatik nork bere bizimodura egin du salto. Modu horretan, egunerokotasunaren musikak denbora eta espazioa okupatu ditu urgentziadun diskurtsoak berriro ezarriz: alderdi eta sindikatuen krisia, politika konbentzionalaren krisia, krisi ideologikoa, krisi ekonomikoa, krisi erabatekoa.

Ez dezagun ahaztu, ordea, maitemintze efimero eta kolektiboak existitzen direla oraindik, BECen bizitakoari men eta amen eginez, erakusten dutenak printzipio batzuk ez daudela krisian. Are gehiago, balio horiek direla edozein berrikuntza gertatu ahal izateko ezinbesteko zutabeak. Maialen Lujanbiok azken bertsoetako batean kantatu bezala, egiturak behar dira unibertso ezberdinei bultzada emateko. Izan daitezela balio eta komunitatearen indar horren erakusle. Eta jasotzaile.

Of course Zizek, don´t fall in love with yourselves baino pasioa elikatu dezagun horrelako ariketa kolektiboek sortzen diguten zirrararekin eta iraunaraz ditzagun biharamuna iristen den bitartean.