Jon LEUNDA
Top 14

Orain Europan irekitako bideari jarraitu behar zaio

Biarritzek Clermonten jokatuko du, eta Avironek, berriz, Oyonnaxen zelaian aritu beharko du.

Europan erakutsi duten jokoari eta boladari eutsi behar diote orain Ligan Avironek eta Biarritzek, European Amlin Challengen jokatutako bi partidak irabazi egin baitituzte. Orain lehiaketaz aldatu beharko dute, baina indarra hartzeko asko balioko zieten bi partida horiek.

Kontua, ordea, Biarritzentzat ez da batere erraza izango, sailkapeneko lehen postuan dagoen Clermonten zelaian jokatuko baitu gaur, 18.30ean. Frantziarrak 40 punturekin daude denen gainetik, eta bigarren postuan dagoen Stade Toulosain taldeari lau punturen aldea ateratzen dio. Horrexek erakusten du nolako taldea den.

Biarritzen egoera, berriz, bestelakoa da, sailkapeneko azkeneko postuan jarraitzen baitu bi partida soilik irabazita, eta salbazioko postuak, berriz, zortzi puntura ditu. Kontua da, ordea, ligan puntuak pilatzen jarraitzeko aurkari oso zaila izango duela gaur. Dena dela, Europan partidak irabazteaz gain, beste itxura bat ere eman du talde zuri-gorriak.

Joan den astean Worcesterren aurka dena oker joan zitzaion Olympiqueri, baina horri buelta emateko gai izan zen, amaieran garaipena lortzeko. Beti galtzen egon zen, bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen, eta, hala ere, garaipena lortu zuen. Horrelakoa orain dela denbora gutxi pentsaezina zen, eta horrek itxaropen apur bat piztu du Agilerako zaleen artean. Norgehiagoka 18.30ean hasiko da gaur.

Ordu berean jokatuko du Avironek Oyonnaxen zelaian, eta oso norgehiagoka garrantzitsua izango da talde lapurtarrarentzat; izan ere, sailkapenean bi taldeak puntuetan berdinduta daude, eta une honetan frantziarrak mailari eusteko borrokan aurkari zuzenak dira. Oyonnax dago orain jaitsierako postuan, eta Aviron hortik kanpo dago, baina biak puntuetan berdinduta daude. Avironek irabazten baldin badu, jaitsieratik kanpo jarraituko du, eta gutxienez hiru puntuko tartea ere zabalduko luke, eta postu bat gora egiteko aukera ere izango luke, beti ere Brivek galduko balu.

Lapurtarrek porrota jasotzen badute, jaitsierako postuan sartuko lirateke, eta Oyonnaxek gutxienez hiru puntu kenduko lizkioke, eta Biarritzek irabaziko balu, azken postutik ere gerturatuko litzateke. Biarritzek, berriz, beti azken lekuan jarraituko du.

Bestetik, Avironek akziodunen batzarra egin zuen, eta azken egunetan zuzendaritzak hartutako erabakiekin bat etorri dira, eta tartean dago Biarritzekin bat egin eta balizko talde bat sortzeko eztabaida bertan behera uztea ere. Beraz, bi taldeen batze hori ez dirudi datorren urtean gauzatuko denik, eta gerora ere zaila izango da.