R.S.

Iragana eta geroa lotu dira Oñederra hil zuteneko 30. urteurrenean

Orain dela 30 urte Ramon Oñederra errefuxiatu gaztea tiroz hil zuen GALek, Baionako Kayetenia tabernan. Hori gogoratu dute egun hauetan Azkoitian, eta bereziki atzo, ekitaldi politiko xume batean, gaur egun 53 urte izango zituen «Kattu»-ren gurasoak bertan zirela. «Iragana akuilu eta etorkizuna ortzimugan» hartuta aurrera egiteko deia egin zuen Sortuko Gipuzkoako koordinatzaile den Joxean Agirrek. Hilketa -GALek aldarrikatutako lehena- ez dute inoiz epaitu.

Adinean aurrera doaz Ramon Oñederra Kattu zenaren gurasoak, baina atzo eguerdian Azkoitian ospatu zen oroitzeko ekitaldian ez ziren falta izan. GALek haren bizitza moztu zuenetik hiru hamarkada luze joan dira, baina herrian ez da itzali irribarre hura, Oñederraren argazki ezagunekoa. Horri erreparatu zion Sortuko Joxean Agirrek bere hitzaldiaren hasieran: «Irribarre fresko horrekin hazi gara hemen gauden guztiok, eta une gogorrenetan ere bere gaztetasunak freskatu ditu gure nekea eta gure samina».

Senideak agertokira hurbildu ziren, txalo artean, eta argazki horren magalean lore sorta ugari utzi zituzten Azkoitiko plazan bildutakoek. 30. urtemuga honetan, sendiaren saminari «aitortza xumea» egin nahi izan diote herritarrek, eta atzoko ekitaldi politikoak amaiera jartzen zion jardunari. «Egia bide, askatasuna amets» diote eskuz esku banatu ziren Ramon Oñederraren oroigarriek.

Garaipena helburu

23 urte baino ez zituen Kattuk 1983ko abenduaren 19an. Ordurako lau zeramatzan herritik kanpo, errefuxiatua. Eta iragan latz horretatik abiatu zen Agirreren hausnarketa: «Iraganean aurkitu ditzakegu borrokarako arrazoiak, gatazka deitzen dugun aldi horren zertzeladak, eta guk hasi ez genuen gerra baten lehen tiro hotsak. Gure errelatoa egiteko eskubidea dugu, eta termino horietan egingo dugu gure jardunaren balantzea, justizia eta askatasun osoz eta autokritikari muzin egin gabe».

Orainaldiari helduz, zera nabarmendu zuen Joxean Agirrek: «Atzo arte iraindu eta Kattu gogoratzea ere debekatzen ziguten askok jaso dute, lehenengoz, GALeko biktimak gogora ekartzeko mandatua. Ziur naiz bere irribarre zabalak ongietorria emango diela guztiei, nork bere ardurari aurre egiteko lehen urratsa baita». Egia exijitzen dutela berretsi zuen Sortuko ordezkariak: «GALeko arduradunen izenak jakin nahi ditugu».

Etorkizunera heldu ziren, azkenik, Agirreren hitzak. Plazan ume asko zeudela ikusita, egia, bakea eta askatasuna zor zaizkiela aipatu zuen. Eta horretarako, «gatazkaren korapilo historikoa behin betikoz askatu behar dugu: Euskal Herria nazio bat da eta euskal herritarrei dagokie libre eta demokratikoki bere etorkizuna erabakitzea, inongo kanpo muga eta injerentziarik gabe». «Erabakitzeko eskubidearen inguruko akordio zabala erdietsi behar dugu gure herrian», erantsi zuen.

Oñederraren gaztetasunaren eta irribarrearen aipamenak ugariak izan ziren ekitaldian zehar. «30 urte joan zaizkigu eta Kattu ez da gure bizitzatik desagertu. Bera izan zelako, orduz geroztik gure askatasun grina amildu ez delako, beste 30 urtez bizirik jarraitu du Euskal Herriak», esan zuen Agirrek. Eta honela bukatu zuen: «Askatasunaren ametsak begirada lausotzera eta giharra tenkatzera behartzen gaitu. Oraina lekuko, lotu gaitezen borrokarekin, ekin diezaiogun lanik eraginkorrenari: gure ametsa errealitate bihurtzea. Helmugan, garaipen eguna, Kattuk bere bizitzaren azken segundo arte etsi gabe bilatu zuena. Ez dezagun inoiz lausotzen utzi gure begi-ninietan utzi zuen irri gozoa, borrokan jarraitzeko gonbita da-eta».