Arantxa MANTEROLA

EHEk «Herriko Etxea eta biok, euskaraz» dinamika berria jarri du abian

«Herritarrengandik hurbilen dauden administrazioen arteko harremana» euskaraz izan dadin bultzatzea da Euskal Herrian Euskaraz elkarteak atzo, Senperen, aurkeztu zuen dinamikaren xedea.

Egitasmoak herritarren aktibazioa du oinarri. Herriko etxea hizkuntza politika garatzeko eskumenak dituen erakundea izaki, euskaraz bizi nahi dutenen eskubidea errespetatzeko eskaera bideratzea litzateke herritarren egitekoa.

Herriaren izena euskaraz jartzeko Senperen edo Faltzesen egin zuten bezala, tokiko errealitateari egokitutako oinarrizko eskariak egitean datza dinamikaren mamia.

Hasieran EHEko taldeak dauden herrietan abiatuko da ekimena, baina egitasmoa ez da horietara mugatuko. EHEren web orriaren bidez norbere herrian martxan jartzeko euskarriak eskuratu ditzake interesa duenak, «Herriko Etxea [Udala] eta biok, euskaraz» izeneko gune berezian. Urtarriletik goiti kartelak, esku orriak, eskari-ereduak eta abar aurki ditzake bertan.