Big Wave World Tour: Bost urte olatu erraldoi artean
Bost urte dira munduko olatu handien zirkuitua egiten hasi zirela, eta ospe handiko itzuli hau pixkanaka indarra hartzen hasi dela dirudi.

Olatu handietako txapelketak aspalditik egin izan dira, baina mundu mailako olatu handien txapelketak orain urte gutxi hasi ziren egiten. Ordutik aldaketa gutxi eman dira puntuatzeko moduan eta lehiaketak hartzen dituzten lekuak ia beti berberak dira. Pasa den astean Galea muturrean egin zen txapelketak haize freskoa ekarri du BWWT olatu handien munduko zirkuitura eta aurrerantzean leku bat gehiago izango da olatu handietako txapelketen zerrendan.
Urautsi berri bat
Olatu handien mundu mailako itzulia orain bost urte hasi ziren egiten eta ordutik lau dira zirkuituko txapelketa finkoak. Hau da, egun sei txapelketek osatzen dute itzulia, izan ere, azken bi urteetan bi txapelketa gehiago gehitu dituzte zirkuitura.
Orain hiru urte Nelscot Reef sartu zuten olatu handien munduko txapelketen zerrendan. Urautsi hori AEBetan dago, Oregonen hain zuzen ere. Zirkuitua borobiltzeko urautsi europar bat gehitzearen ideia etorri zen gero. Baina olatu handietako surflari asko ez zeuden ados ideia horrekin, Europan olatu handietako txapelketa bat egiteko behar diren baldintzak ez zirela betetzen uste baitzuten, batez ere, Ozeano Atlantikoan olatu oso handiak ez direla sortzen pentsatzen zutelako.
Iaz, Galea muturreko txapelketarekin proba egin zuten eta Gary Linden olatu handien itzuliko zuzendaria oso gustura geratu zen, beraz, baldintza objektiboak betetzen zirela ikusi ostean, zirkuituko zerrendan Galea muturra gehitzea erabaki zuten. Oraingoz, gainera, asmatu zutela esan daiteke, izan ere, olatu handietako txapelketa bat egiteko gutxieneko itsaskia oso gutxitan ematen da, eta, gurean, lehen urtea izan arren, baldintza bikainak izan dira.
Beraz, orain sei dira olatu handien itzuliko zerrenda osatzen duten urautsiak; Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru), Nelscott Reef (Oregon-AEB), Mavericks (Kalifornia-AEB), Todos los Santos (Kalifornia Beherea-Mexiko) eta Galea muturra (Euskal Herria).
Zerrenda osatzen duten urautsien artean ezker olatu bakarra dago. Guztiak dira eskuin olatuak, Txileko Punta de Lobos kenduta. Urautsi guztiek duten beste ezaugarri bat honakoa da: olatuak lur muturretan ateratzen dira, eta, horregatik, ohikoa da urautsitik gertu itsas argiren bat izatea.
Baldintzak
Big Wave World Tour (BWWT) olatu handietako itzulia berezia da. Txapelketak egiteko gutxieneko baldintza batzuk behar dira, eta zaila izaten da horiek betetzea. Olatuak gutxienez sei edo zazpi metrokoak izan behar dira, eta munduan leku gutxi daude halako itsaskiak maiz izaten dituztenak; beraz, hautatutako lekuak oso bereziak dira.
Beste berezitasun bat honakoa da: data zehatzik ez izatea. Txapelketa bakoitza bertan olatuak izateko aukera handiena den sasoian egiten da, baina, hala eta guztiz ere, gutxienez zazpi metroko olatuak izateko baldintza betetzea oso zaila da, baita munduko itsaski handienak izaten dituzten lekuetan ere. Horregatik, txapelketa egiteko eguna itsaskiek beraiek jartzen dute.
Txapelketa egin ahal izateko itsaski handi bat behar denez, bi hilabeteko epea izaten da lehiaketa bakoitzean. Itsaski handi bat sartzeko aukera erreala ikusten bada, parte hartzaile guztiei deitzen diete zortzi egun lehenago, eta horiek, astebeteko tartean, nola edo hala bidaia antolatu eta itsaskia sartzen den egunerako lehiatzeko moduan egon behar dute txapelketa gunean.
Guztira 24 surflari lehiatzen dira txapelketa bakoitzean. Txandak 45 minutukoak izaten dira, eta lehenik, sei kideko lau txanda egiten dituzte. Txanda bakoitzetik hiru lehiakidek lortzen dute hurrengo txandarako pasea; beraz, lehen txanda gainditzen duen lehiakidea zuzenean finalerdietara sailkatzen da, eta, azkenik, finalean sei dira norgehiagokan aritzen diren lehiakideak.
Urtero egiten da tourra, baina txapelketa egin ahal izateko berezitasunak kontuan hartuta, ez da egiten urte natural batean, egutegiko bi urte hartuz baizik. Urte bateko apirilean hasten da itzulia eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen da. Horregatik jartzen dituzte bi urte izenburuetan.
Txapelketetan ezin du edonork parte hartu; batzuek aurrez lortutako merituengatik dute postu finkoa, eta, beste batzuek, gonbidatu egiten dituztelako. Txapelketa egiten den leku bakoitzean, bertako jendeak ere parte hartu behar du, eta, hori ziurtatzeko, aurrez trial lehiaketa bat egiten da.
Itzuliko irabazlea hautatzeko puntuazio sistema nahiko konplexua da. Izan ere, txapelketa batean lortutako puntuak olatuek izandako altueraren arabera neurtzen dituzte.
Indarra hartzen
Olatu handien munduko itzulia hasi zenetik honakoak dira ohorezko titulua eskuratu duten surflariak. 2009-2010 denboraldiko itzulia Carlos Burle brasildarrak irabazi zuen. 2010-2011 denboraldiko itzulia, berriz, Jamie Strerling hawaiiarrak irabazi zuen. 2011-2012 denboraldiko titulu mundiala eskuratu zuen lehiakidea Peter Mel estatubatuarra izan zen. Eta iazkoa, 2012-2013ko tourra, Greg Long kaliforniarrak irabazi zuen.
Bost urte hauetan ez da lortu denboraldi batean txapelketa guztiak egitea, gehienez ere itzuliko hiru txapelketa egin dira. 2011. urtean Txile, Peru eta Oregoneko txapelketak egin ziren, eta, iaz, Pico Alto, Mavericks eta Oregonen behar adinako itsaskiak izan zituzten, baina gehienetan ez dira txapelketak egiten gutxienezko baldintzak ez daudelako. Todos los Santoseko txapelketa, esaterako, ez da egin azken lau urteetan.
Aurtengoan Peru eta Txileko txapelketa egiteko itxaronaldi epeak amaitu dira eta ez da behar adinako itsaskirik izan, beraz, zirkuituko lehen bi probak bertan behera geratu dira. Orain artean Galea muturreko txapelketa bakarrik egin da, beraz, bertan lortutako emaitzen araberako postua dute ranking orokorrean lehiakideek.
Mavericks, Oregon eta Todos los Santoseko txapelketak egiteko itxaronaldi epea irekia da, beraz, Kalifornia inguruan itsaski indartsu bat sartzen bada txapelketa hauetako bat egin ahal izango dute, urautsi batetik bestera ez baitago distantzia handia, mundu mailako zirkuitua dela kontuan hartzen bada.
Behar bezalako baldintzak ematen badira, hau da, gutxienez sei metroko olatuak badira eta txapelketetako bat egiten bada, orain artean izan ez den aukera izango da txapelketa ikusteko. Izan ere, zirkuituko antolatzaileak berrikuntzak egiten ari dira eta webgune berria egitearekin batera, ahal denean txapelketak zuzenean igortzen saiatuko direla iragarri dute.
Orain artean ia oharkabean pasa den itzulia da olatu handietako tourra, baina pixkanaka indarra hartzen hasi da eta babesleek ere jendea erakartzen duen modalitatea dela ikusi dute. Galea muturreko txapelketa, esaterako, mundu osoan milaka eta milaka pertsonek jarraitu zuten Internet bidez zuzenean, beraz, aurrerantzean beste lekuetako txapelketak ikusteko aukera zabal daiteke.
Olatu handietako surflariak oso ezagunak dira puntako surflarientzat, baina oro har gainontzeko surflarientzat nahiko ezezagunak izan ohi dira. Hau da, surf munduan oso sartuta dagoen jendeak oso ongi ezagutzen ditu olatu handietako surflariak, sekulako mirespena sortzen baitute. Baina, hortik kanpo, euren izenak oharkabean pasatzen dira.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
