GARA
KABALGATAK

Goxokiak barra-barra eta ilusioa gainezka Errege Magoen eskutik

Errege magoak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik igaro ziren atzo arratseko kabalgata dotoreetan. Bilbon, tradizio industriala gogoan, lau tona karamelu automatikoki jaurti zituen goxoki fabrika gisa irudikatutako kabalgatako azken karrozak. Iruñera Frantziako Atetik sartu ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar, 1753ko zubi altxagarria martxan jarri baitzuten.

Iluntzearekin heldu ziren atzokoan Errege Magoen kabalgatak hiri eta herrietara, ohiko karroza dotoreekin eta begiak zabal-zabalik hartu zituzten haurrekin. Bilbokoa izan zen kabalgata goiztiarrena. Gainera, kabalgata hasi baino ordubete lehenagotik ibilbidean umeen gutunak jasotzen aritu zen patinatzaile talde handi bat.

Atzokoan, Bilboko tradizio industriala ekarri zuen gogora kabalgatak gozoki edo opari fabrikak irudikatu zituzten karrozekin. Horrez gain, argi, musika eta kolorez beteriko ikuskizun magikoaz gozatu zuten bertaratutakoek. Bost karroza distiratsuk egin zuten ibilbidea, baita Meltxor, Gaspar eta Baltasarren karrozek ere. Karrozen inguruan, 100 aktore eta animatzaile aritu ziren kaleak girotzen, 50 lagun laguntza teknikoa ematen... Ezin ahaztu ere gozoki fabrika gisa irudikatutako azken karrozak botatako lau tona gozokiak.

Ospitaletara bisitak

Kabalgataren aurretik, goizean Basurtoko Ospitalean izan ziren Errege Magoak bertan ingresatutako umeak bisitatzen. Gurutzetan dauden haurrak ere bisitatu zituzten. Opari banaketa, beraz, goiz-goizetik hasi zuten Errege Magoek. Gurutzetatik Bilboko nagusien egoitzetara ere joan ziren. Hori bai, Gasteizera trenez heltzeko astia ere izan zuten, bertako udaletxeko balkoitik umeak agurtzeko. Bien bitartean, bilbotarrak opil solidarioa eta txokolatea dastatzen geratu ziren.

Iruñean, aldiz, Frantziako Ateko zubi altxagarria jaitsi zuten espresuki Errege Magoei harrera egiteko, urtean behin aktibatzen den 1753ko mekanismoa martxan jarrita. Mila lagun inguruk hartu zuten parte ekitaldia prestatzen.

Donostian ere ospitalean izan ziren goizean Errege Magoak, eta arratsaldean San Telmo museoan egin zuten lehen geldialdia. Osteko ibilbidean, txaranga, trikitilari eta suhiltzaileak izan zituzten ondoan, baita animalia taldeak ere! Batek baino gehiagok Errege Magoei gutuna helarazteko azken aukera baliatu zuen, euren laguntzaileak eskaerak jasotzen aritu baitziren.

Bizkaira itzuliz, Ezkerraldean jostailuak banatuko dituzte gaur Errege Magoek Gurutze Gorriak egoera ekonomiko larrian dauden familiei laguntzeko urtero antolatzen duen kanpainari esker. Aurten 610 umek jasoko dituzte opariak, iaz baino 106 gehiago eta duela lau urte baino hiru aldiz gehiago. Haur bakoitzak bina opari jasoko ditu, partikularrek, enpresek eta dendek inor oparirik gabe gera ez dadin egin dituzten ekarpenei esker.

Ezkerraldetik irten gabe, Alfonso Garcia Barakaldoko alkatea laguntzaile izan zuten atzo Errege Magoek Gael Gomez Eguberri egunean jaiotako herriko lehen haurrari otarretxo bat entregatzeko. Urteroko zita bete zuten.