GARA

Erabakitzeko eskubidearen aldeko sarea trinkotzen ari da

Oñatin atzo eguerdian egin zuten sinadura ekitaldiarekin, jada mordo bat dira Gure Esku Dago ekimena bultzatuz Euskal Herriko luze-zabalean egin diren ekitaldiak. Ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen giza-kateak, izan ere, herri eta auzoetara eraman du euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria. Herritar ugarik ez ezik, alor desberdinetako aurpegi ezagun asko ere ari dira bat egiten mugimenduarekin.

Datorren ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-kate handiaren atarikoan, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika sare trinkoa eratzen ari da, han eta hemen, etenik gabe. Atzo Oñatin egin zuten Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Oñatiko Adierazpenaren sinadura ekitaldia, Sancti Spiritus unibertsitatean. Dokumentuan Euskal Herriaren naziotasun izaera aldarrikatzearekin batera, herri gisa bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea eta herritarrok erabaki hori hartzeko dugun ahalmena aitortzen dira.

Oñatiko Gure Esku Dago-ren ekimenari babesa eman dioten pertsonen artean daude, besteak beste, Ruper Ordorika abeslaria, Fermin Etxegoien kazetari eta idazlea, Maria Cruickshank aktorea, Markel Irizar txirrindularia, Jon Odriozola txirrindulari ohi eta zuzendaria, Juan Zelaia enpresaria, Pello Zabala frantziskotarra, Izaskun Moyua Emakundeko zuzendari ohia, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea, Ainhoa Galdos Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko ordezkaria, Iosu Lizarralde, Oñatiko zinegotzi eta Sorturen Nazio Kontseiluko ordezkaria.

Oñatiko ekimenera batu diren aurpegi ezagunak, jada dinamikari atxikimendua erakutsia zioten herritar eta pertsona ezagunei batu zaizkie. Pasa den astean, Errenterian egin zen ekitaldian, izan ere, Jesus Mari Zamora futbol jokalari ohia eta Txomin Perurena txirrindulari ohia egon ziren. Haiekin batera, Jose Luis Erkizia Baserri, Ainara Lasa, Luis Mari Ezeiza, Ritxar Maritxalar, Jone Arruti, Xabier Obeso, Iñaki Sors, Mikel Erriondo eta Kukai dantza taldeko kideak.

113 kilometroko luzera izango duen ekimenak Euskal Herriko txoko guztietara eraman du erabakitzeko eskubidearen inguruko aldarri eta eztabaida. Hala, hitzaldi, bilera eta ekitaldiz lepo dator datorren astea ere. Gure Esku Dago ekimenaren web orrian bertan jasotzen diren deialdien arabera, asteartean bertan world kafe bat egingo dute Bilboko Kafe Antzokian «Bartzelonan bai, Bilbon zergatik ez?» izenburupean.

Asteazkenean bertan beste bi hitzaldi egingo dira ekimen honen baitan: Galdakaoko Gandasegi eskolako areto nagusian «¿Esperamos o nos movemos?» hitzaldia izango da arratsaldeko 19.00etan, eta Mungiako Torrebilleta kultur etxean «Subiranotasun prozesuak abian» saioa, 19.30ean.