Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Ipuinen mundu fantastikoan barrena

«Ostirala, goizeko hamarrak. Hemen nago, oholtza gainean zutik, ikaskideen aurrean. Badakite zerbait interesgarria kontatu behar dudala, zerbait zirraragarria. Asteburu osoa desagertua eman nuen eta, ondorioz, hiltzat hartu ninduten, hasieran behintzat». Honela hasten da Arrate Egañak idatzitako nobela hau, bizi, irakurlearen arreta erakarriz, zurrunbilo baten iragarpen gisa. Protagonistak berak, Simonek, kontatuko digun abentura fantastikoa.

«Simon ipuinen munduan», izenburuak adierazten duen bezala, mundu fantastikora, ipuin eta mitoen mundura eginiko bidaia baten kontakizuna dugu. Baina ez hori bakarrik, Simonek hango eta hemengo munduen arteko lana egin beharko baitu liburuko orrietan zehar, nobela osatzen duten hamabi kapitulu eta 170 bat orrietan zehar. Hasiera-hasieratik ikusi ahal dugu Simonen baitan eta haren ingurukoenean aldaketa nabarmena gertatu dela. Simon desagertuta egon zen asteburuan, eta ondoren klasean, eskolan, beste modu batean ikusten dute denek, baita berak bere burua ere.

Erreseina honetan bezala, irakurlea ideien eta gertakarien zurrunbilo batean aurkitzen da nobelako lehen atalean, «hasiera» izenekoan, harik eta Simonek igande gauean agertu zenetik jazotakoak kontatzeari ekiten dion arte. Eta, horrela, hamabi kapitulutan asteburuan jazotakoak eta astelehenetik ostiraleko kontakizunera bitartekoak tartekatuz, Simoni gertatutakoa eta mundu fantastikoan harturiko konpromisoa ezagutuko ditu irakurleak.

Simon, haserre, familiakoekin (beste) eztabaida bat izan ondoren, korrika abiatzen da baso aldera. Barneratu eta galdu dela ohartzen denerako berandu da, baina, literaturan hain ohikoa den zulo batetik barneratu eta, Alizia bezala, mundu magiko batera sartzen da. Mundu horretan ipuin ezagun, eta ez hain ezagunetako protagonistak agertuko zaizkio Simoni. Txanogorritxu, Peter Pan, Merlin, Hansel eta Gretel... eta horien ondoan Hego Amerikako herri literaturako pertsonaiak, eta horiekin eta beste askorekin egingo du topo Simonek herrialde, mundu fantastiko horretan.

Ipuinen munduan, baina, borrokan bizi dira, bizi irauteko borroka horretan Simonen laguntza izango dute; «gure» mundura itzulita, hemen, ipuin bat kontatu beharko die hainbat laguni, ipuin horren bidez toki gehiago izan dezaten ipuinen munduko pertsonaiek.

Nobelak hasiera batean nahiko motela ematen du, zerbait gertatu zaio Simoni baina eguneroko kontakizunak pisu handia hartzen du; ondoren, ipuinen munduko kontakizun ezberdinak agertzean egitura errepikakorra dugu; alde horretatik, liburua nahiko erraz irakurtzen bada ere, nire ustez atal batzuk soberan ditu. Bestalde, protagonista nagusien konplizitatea, gaur egungo kezkak, eskola giroa... nahiko lortuak daude, baita bi munduen arteko lotura ere. Alde horretatik aurreneko geldotasuna pasa ondoren irakurleak disfrutatuko du fantasia eta errealitatea konbinatzen duen idazlan metaliterario honekin. Eta nork daki, agian bertan azaltzen diren liburu eta ipuinetan murgiltzera ere animatuko!