Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñok eraman du denboraldiko hirugarren txapela

Bizkaitarrek oraingoan ere ez dute hutsik egin, eta Euskal Herriko talderik indartsuena dela erakutsi dute. Sokarri eta Ñapurrak izan ziren ondotik.

Abadiñok ez du hutsik egin. 600 kilokoan ere berak eraman du Euskal Herriko Txapelketa, eta horrekin, orain arte jokatu diren hiru finaletan nagusi izan da. Herenegun Bilbon jokatu zen finalean ere onena izanik, txapel preziatua jantzi zuen.

Abadiño zen txapela lortzeko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin, gainerako talde guztiak mendean hartu baitzituen. Hortik aurrera ez zen emozio faltarik izan, ordea.

Sokarrik eta Ñapurrak ere maila handia eman dute lehen fasean, eta herenegun ere halaxe izan zen. Abadiñok lan handia egin behar izan zuen lapurtarrak eta bizkaitarrak mendean hartu ahal izateko.

Bien artean ere berdinduta geratu ziren, eta azkenean Sokarrik lortu zuen zilarrezko domina, eta brontzezkoa, berriz, Ñapurrak taldeak eraman zuen. Ibarra ere faboritoen artean agertzen zen, baina gipuzkoarrek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Beraien atzetik Murueta eta Iparralde sailkatu ziren. Bi talde bizkaitar horiek nahiko berriak dira, eta beraien helburu nagusia finalean sartzea zenez, esan daiteke helburu hori bete dutela.

Emakumezkoak

Nesken mailan, berriz, emozioak azkeneko egunera arte jarraituko du. Jardunaldi baten faltan, Gaztedi doa sailkapeneko lehen postuan. Herenegun jokatu zen saioan Gaztedi izan zen nagusi, nahiz eta ikaragarrizko lehia izan zen. Eta ez Ibarrarekin bakarrik, baita Badaiotzekin ere; izan ere, gasteiztarrek maila handia eman zuten, eta argi eta garbi ikusi zen hiru taldeen artean oso alde txikia dagoela.

Azkenean, Gaztedi izan zen onena. Bizkaitarrek Badaiotzi irabazi egin zioten, eta Ibarrarekin bana berdindu zuten; hori guztia pasa den astean bezala izan zen. Ibarrak, ordea, ezin izan zuen Badaiotz mendean hartu, talde bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzuen. Ondorioz, Gaztedi izan zen onena. Bigarren postuan Ibarra sailkatu zen, eta hirugarren Badaiotz. Laugarren taldea Bizindar zen izatekoa, baina Artzeniegakoak ez ziren bertaratu, eta hiru taldeak baino ez ziren aritu norgehiagokan.

Jardunaldi bat besterik ez da falta pisu honetako lehiaketa amaitzeko, eta edozeinek irabaz lezake. Oraingoz, Gaztedi doa lehenengo, bigarren Ibarra eta hirugarren Badaiotz. Bizindar, berriz, azkena doa, eta hauek ez dute txapela lortzeko inongo aukerarik izango.

Datorren asteburuan jokatuko dira azkeneko bi jardunaldiak

Datorren asteburuan jokatuko dira aurtengo txapelketako azkeneko bi jardunaldiak. Larunbatean, hilaren 15ean, Ezpeletan jokatuko da 560 kilokoan gizonezkoen finala. Saio bakar batera jokatuko da txapelketa hau. Leku berean izango da 500 kilokoan emakumezkoen azken saioa ere.

Igandean, berriz, Ibarran izango da ekinaldia, eta horrekin amaituko da aurtengo Euskal Herriko Txapelketa, izan ere jarraian Munduko Txapelketa abiatuko da, eta hari begira jarrita daude talderik gehienak. Ibarran 600 kilokoan finala jokatuko da, baina mistoa izango da. Gero, Mundukoan ere itxaropen asko daude jarrita.

J.L.

emakumezkoak

Emakumezkoetan saio bakar bat geratzen da dena amaitzeko, eta hiru taldek aukerak dituzte irabazteko. Hiruren artean, gainera, oso alde txikiak daude.