Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñok eraman du mutilen azkeneko txapela ere

Gaztedik, berriz, 600eko mistoan eta emakumezkoen 500ekoan irabazi zuen.

Abadiñok lortu zuen 560 kiloko txapela, eta horrekin mutilen pisu guztietan garaipena lortu du. Aldi berean aurten ere Euskal Herriko talderik onena dela argi eta garbi utzi zuen, eta Munduko Txapelketari begira ere dominak lortzeko aukerak badituztela ikusi da.

Ezpeletan jokatu zen saio honetan Abadiñok saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta horrekin txapela segurtatuta utzi zuen. Bigarren posturako lehia ederra izan zuten, baina etxeko taldeak lortu zuen, Ñapurrak taldeak, alegia. Ezpeletakoek azken egun honetan garaipena lortu nahi zuten, baina zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zuten. Grisek Abadiñorekin bakarrik galdu zuten, gainerako talde guztiak mendean hartu baitzituzten, berriro ere maila bikaina eta ikusgarria emanez.

Brontzezko domina, berriz, Sokarri taldeak kolkoratu zuen. Arrigorriagakoek ere denboraldi bikaina egin dute, baina gehienek bezalaxe, txapelik gabe amaitu behar izan dute denboraldia. Abadiñorekin eta Ñapurrakekin galdu egin zuen, baina Iparralde mendean hartu zuen, eta horrek balio izan zien hirugarren amaitzeko.

Hasi aurretik ere garbi zegoen Iparraldek izango zituela irabazteko aukerarik gutxien, eta saioan zehar hori ikusi zen. Saioko tiraldi guztiak galdu egin zituen, eta ezin izan zuen azken postu horretatik ihes egin. Talde berria da eta esan beharra dago oso lan ona egin duela.

Nesken 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia ere jokatu zen Ezpeletan bertan. Amaierako saio honetara Gaztedi taldea iritsi zen lehen postuan, baina puntu bakar bateko tartea kentzen zion Ibarrari, eta dena geratzen zen Ezpeletako plazan erabakitzeko, biek baitzuten txapela lortzeko aukera.

Azkeneko saio honetan, Gaztedik irabazi zituen tiraldi guztiak, horrela azkeneko jardunaldia eta txapela irabaziz. Bigarren Ibarra geratu zen. Bigarren jardunaldi honetan Gaztedirekin galdu eta Badiotzi irabazita, eta sailkapen nagusian ere gipuzkoarrek amaitu zuten bigarren postu horretan. Azkena, berriz, bai saioan, bai sailkapen nagusian, Badioatz geratu da. Amaierako ekinaldian, tiraldi guztiak galdu egin zituen talde arabarrak.

Euskal Herriko denboraldiari amaiera, berriz, atzo eman zitzaion Ibarran, hantxe jokatu baitzen mistoen 600 kiloko finala. Pisu honetan jardunaldi batera jokatu da. Talde bakoitzak lau neska eta lau mutil izan behar zituen taldean.

Ibarrak etxean jokatzen zuen, eta denboraldia txapelarekin amaitu nahi zueb, baina Gaztedik aurre hartu zion. Gaztedi A taldeak jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituen. Ibarra A sailkatu zen bigarren postuan, bizkaitarrekin galdu eta gainerako taldeak mendean hartuta. Hirugarren, berriz, Badaiotzek amaitu zuen. Arabarrek lehen bi sailkatuekin galdu egin zuten, baina beste hirurei irabazi egin zien. Ibarra B sailkatu zen laugarren postuan, Gaztedi B eta Berriozar mendean hartuta. Bosgarren sailkatu zen Gaztedi B. Bizkaitarrek Berriozarri bakarrik irabazi zioten, eta seigarren eta azkena Berriozar sailkatu zen, denak galduta.

Lopetegiren idi parea izan da Euskal Herriko onena

Lopategiren uztarriak irabazi zuen herenegun jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Bertan joan den urtean plazetan aritu ziren hiru idi parerik onenak neurtzen dira, eta saio dotorea eskaini zuten hirurek ere. Lopategiren uztarriak guztira 46 plaza egin zituen. Bere atzetik beste bizkaitar baten idiak sailkatu ziren, Urrutiarenak, alegia, guztira 44 egin baitzituen. Finalean aritu zen bikote gipuzkoar bakarra, berriz, Artzadunena, sailkatu zen azkeneko postuan; 42 besterik ez zituen egin. Beraz, emozio faltarik ez zen izan, lehian aritu ziren hiru uztarriek maila bikaina emateaz gain, beraien artean oso alde txikia egon baitzen. J.L.