Jean-Louis Davant
ENBATA, 2014/2/24
HEMEROTEKA

Nolako bakea?

(...) ene baitan egin dut kontinente bakoitzak bazuela hor bere izarra, eta hona horien zerrenda, heroien hiltzeko aldiaren arabera: Asian Gandhi (1948), Ameriketan Martin Luther King (1968), Europan René Cassin (1976), Afrikan Nelson Mandela (2013).

Baina hara hutsune bat : kontinenteak bost dira, hor baitago, guretzat urrunena, ezezagunena izanarren, Ozeania ere. Eta horrek ez ote du bakezale sonaturik? Ez dut luzaz pentsatu, Jean-Marie Tchibaou Kaledonia Berriko kanakiarra berehala jin zait gogora, eta ongi deritzot, abertzale horrek bakerako urratsak bere biziaz ordaindu baitzituen herkide baten eskutik (1989), Gandhik eta Luther Kingek bezala.

(...) Azken denbora hauetan «Bake» hitza oso modan dugu, ene gustuko errexkiegi. Noiznahi ahobeteka dabila, gauza naturala balitz bezala. «Tout le monde il est beau, tout le monde il est gentil...». Bai zera!

(...) Hitz ederrak ez gaitu enganatu behar. Aipatu ditudan bost izarretarik hiruk -Cassin, Mandela eta Tchibaouk- bakera heltzeko gerla egin zuten lehenik, etsaiak horretara bortxatu baitzituen beste bide guziak ezabatuz. Funtsean denek badakigu, baina dirudienez errepikatu beharra dago, egiazko bakeak oinarri sendoak behar ditu: askatasuna, justizia, giza eskubideak.

Munduan zenbat Estatuk betetzen dituzte? Arras gutik, eta hoberenek ez osoki. Hortik gatazkak, eta batzuetan gerlak. (...)

Horretan gaude hemen ere, Euskal Herrian; nahiz ETAko armak isildu diren, egiazko bakea egiteko dago, aipaturiko baldintzak betetzeke baitaude: askatasuna, justizia, giza eskubideak behar ditu herri honek ere, hots euskal nazioak, eta oraindik ez ditu lortu nazio bati zor zaion heinean.