Ane ARRUTI DONOSTIA

Autokritikak eta umoreak eman dio Donostia Antzerki Saria Tartean-i

«Hizkuntzarekin modu oso erakargarrian jolasten» duen Tartean Teatroa konpainiako Ez Dok Hiruren «Lingua Navajorum» antzezlanak eskuratu du XIV. Donostia Antzerkia Saria. Martxoaren 27an izango da sari-banaketa ekitaldia Victoria Eugenia antzokian, obra irabazlearen emanaldiarekin. 10.000 euro eskuratzeaz gain, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek bi asteko egonaldia egin ahal izango dute Luhusoko Harri Xurin, antzezlan berri bat prestatzeko.

Hainbat alditan Donostia Antzerkia Saria emateko galan aurkezle lanak egin ondoren, XIV. edizioan iritsi zaie Patxo Telleria eta Mikel Martinezi sari horren errekonozimendua. «Sari hau nahi genuen», esan zuen Martinezek atzo Donostian. «Askotan aurkeztu izan dugu saria eta beti erabili dugu gala hori esketxak probatzeko», aitortu zuen Telleriak. Orain saritu dieten «Lingua Nabajorum» obraren zatitxo bat gala horietako batean probatu zuten lehen aldiz jendaurrean, 2011ko edizioan; «Errautsak» lanak eskuratu zuen saria orduan. «Orain nork aurkeztuko du gala? Lantxo bat galdu dugu!», erantsi zuen umorez Telleriak.

Epaimahaiaren ustetan -lehenengo aldiz publikoaren ordezkaritza izan du aurten-, «Lingua Navajorum» lan saritua «sormen handikoa» da eta «hizkuntzarekin modu oso erakargarrian jolasten du. Euskal kulturari buruzko autokritika fina egiteaz gain, euskalki desberdinak uztartzen dira eta horrek aberastu egiten du antzezlana». 2013an Donostian estreinatu ziren 13 euskarazko antzezlanen artean aukeratu dute lan hauxe. Tartean Teatroa konpainiako Ez Dok Hiru Bikoteatroak iazko udan aurkeztu zuen Victoria Eugenia Club aretoan, Donostiako Aste Nagusian, Jokin Oregiren zuzendaritzapean.

«Trilogia baten laugarren atala» dela esan daiteke «Lingua Nabajorum», euskararen inguruan umorea eginez eta «euskara tresna gisa erabiliz» idatzi baititu aurretik ere Telleriak «Euskara sencilloaren manifestua», «Larru haizetara» eta «Euskarazetamol». Oraingo honetan, euskararen historiaren errepasoa egiten dute, haitzuloetatik hasi eta gaur eguneraino.

Umorea erabiliz sari hau jasotzea berezia dela azpimarratu zuen Martinezek: «Badakigu horrelako sari bat jasotzeko badaukagula zailtasun bat, komedia egiten dugula. Onartzen dugu, horrela da, komedia genero txiki bat da. Drama hobeto kontsideratuta dago. Ez litzateke horrela izan behar, badago antzerki ona eta antzerki ez hain ona, eta kitto», esan zuen. «Geure buruaz barre egiten dugu eta hori gustagarri eta osasungarria da».

Sari moduan, Dora Salazarren serigrafia bat eta 10.000 euro jasoko dituzte; 8.000 orain, eta gainerakoa, 2016. urtea bukatu aurretik Donostian antzerki lan berri bat aurkezten badute. Horretarako erraztasuna ere eskaintzen du sariak. Izan ere, Luhusoko Harri Xuri kultur sorkuntzarako zentroan bi aste egin ahalko dituzte gastu guztiak ordainduta. Aukera hau Ipar Euskal Herriarekin harremana berreskuratzeko aprobetxatu nahi dutela esan zuen Martinezek, «konexio estuagoa» lortzeko. Bere esanetan, lehen gehiagotan izaten zuten bertan emanaldiak eskaintzeko aukera, baina esaterako, «Lingua Navajorum» behin bakarrik ikusi ahal izan da.

«Pankreas», lehen euskal tragikomedia bertsotan

Martxoaren 12an, Bilboko Arriaga antzokiak Tartean Teatroa konpainiaren «Pankreas» antzezlanaren estreinaldia hartuko du, euskaraz eta bertsotan idatzitako lehenengo tragikomedia. Ikuskizun berri honen bidez, beste jauzi bat emango dute Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Joseba Apaolaza eskarmentu handiko antzezleek. Patxo Telleria dugu obra berri honen idazlea eta neurtitzetan osatu du testu osoa.

Jokin Oregiren zuzendaritzapean aipatu hiru aktoreak arituko dira taula gainean. Hiru lagunen paperean ikusiko ditugu: lehenak pankrea transplante baten premia larria dauka. Bigarrenak, ordea, bere buruaz beste egiteko asmoa dauka hemendik urte batera, herentziazko alzheimerrari iskin egiteko. Gauzak horrela, hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankrea emateko. Une hartatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, gertatu egiten da noizbait. Apustu berritzailea eta arriskutsua bada ere, ikusleek ondo hartuko dutelakoan daude eskarmentu handiko profesional hauek. Alvaro HILARIO