Itsasoen izenak
Magallanes jaunak azken egunetan gure kostaldean izan dugun itsaskia topatu izan balu, egun gauzak bestelakoak lirateke
Azken asteetako itsaskiek sekulako triskantzak egin dituzte Euskal Herriko kostaldean. Alertak egiazkoak suertatu dira, eta ez beste zenbait albiste estaltzeko aitzakia huts. Fama txarra du Kantauri itsasoak, korronte indartsuak eta bat-bateko enbatak sortzen dituelako, baina, hain zuzen ere, nire ustez, horregatik da maitagarria.
K.a. I. mendean, «Cantabricus Oceanus» izena jarri zioten erromatarrek parean dugun ur multzo kolosalari. Kostaldean bizi zen «kantabri» leinuaren omenez jarri zioten izena. Gaur egungo Burgosko probintzian zen kantabriarren hiriburua eta «Amaya» omen zuen izena.
Itsasoak, ordea, ez du amaiera zantzurik, abiapuntu itxura handiagoa du akaberarik erakusten ez duen eremu zabalak. Bare denean bidaiatzera gonbidatzen gaitu, baina, zakartzen denean, zerumugan baino, olatuek lur hartzen duten tokian iltzatzen ditugu begiak, eta itsasoak lurrari hozka nola egiten dion begiesten dugu.
Itsasoarekiko norberak izan dezakeen irudia tokian tokikoa eta unean unekoa izan daiteke. Udan itsasoa bare imajinatzen dugu, eta, neguan, harro. Denborale bortitz baten ostean, nahiz eta itsasoak atseden hartu, itsaso zakar baten irudia atxikitzen dugu buruan, eta, horrela, inork ez du inoiz asmatu itsaso bat zuzen deskribatuko lukeen izen bat ezartzen.
Olatu handienak sortzen dituen itsasoari, paradoxikoki, Ozeano Barea deitzen diogu. Vasco Nuñez de Balboa izan zen 1513an «Amerikaren beste aldean» muga gabeko ur gatzatua ikuskatu zuen lehen europarra. Panamako kanala igaro ostean, «Hegoaldeko Itsasoa» deitu zion bere egin zuen munduko ur eremu zabalenari. Geroago, Fernando de Magallanes nabigatzaile portugaldarrak bere izena eman zion zeharbidea gurutzatu zuen Txile hegoaldeko itsasarte bihurrietatik, eta, berriz ere itsasoarekin topo egin ostean, bidaia jarraitu zuen Filipinetako irletara. Itsasoa lagun izan zuen, Balboak bezala, espainiar koroarentzat espezie eta urre bitxi preziatuak xerkatzera itsasoratu zen marinelak. XVI. eta XIX. mendeen artean, «Espainiar Lakua» izena hartu zuen Pazifikoak.
Magallanes jaunak azken egunetan gure kostaldean izan dugun itsaskia topatu izan balu, egun gauzak bestelakoak lirateke, eta ziur aski, beste izen bat izango luke munduko itsaso arriskutsuenak. Erromatarrek, gure kostaldeak orrazten dituen itsasoa izendatzeko beste izen bat aukeratu balute ere, desberdinak lirateke gure mapetako idazpuruak.
Izenak alda daitezke, giza adimenak itsaso gaixoa zigortzen jarrai dezake, eta gure itsasbazterren arkitektura ere muta daiteke, baina kontakizuna, istorioen istorioa, gizakumeak idatzi arren, historia, itsasoak egiten jarraituko du; eta orain artean izenak jartzen ibili diren erromatarrek edo itsaso bati «laku» deitzen zioten haiek bezala natura menderatzeko asmotan dabilen edonork, porrot egingo du. Nahita edo nahi gabe, horretan gabiltza, mendebaldetik ekialdera eta hegoaldetik iparrera. Gero ez du balio negar egiteak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
