Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Ramon Navarroren taula agertu da

Galea muturrean abenduan egindako txapelketan galdutako taula Frantzian aurkitu dute.

Frantziako Vendée eskualdean den nabigazio eskola bateko kudeatzaileak olatu handietako surf taula bat aurkitu zuen Olonne-sur-Mer herriko hondartzan. Itsasoan egindako egonaldiaren aztarnak nabariak ziren taulan, birrinduta baitzegoen.

Taula aurkitu zuen gizonak argazkiak atera eta sare sozialetan jarri zituen inguruko norbaiten taula izan zitekeelakoan. Taularen egilea (shaper) Fletcher Chouinard da eta jabea Ramon Navarro surflari txiletarra. Norbaitek taula ezagutu zuen egilea eta ezaugarriak ikusita, eta, hala, taula horrekin Navarrori ateratako zenbait argazki ikusi ostean, ziurtasun osoz baieztatu ahal izan zuten olatu handietako surflari famatuaren taula zela.

Pasa den abenduan Galea muturrean egin zuten munduko olatu handien txapelketan galdu zuen surf taula Navarrok; olatu batean erori ondoren galdu zuen taula eta ordutik jitoan izan da taula itsasoan. Bosgarren postua eskuratu zuen txapelketa hartan.

Horrenbestez, olatu handietako munduko surflari onenetako baten taulak ehunka kilometro egin ditu Bilboko bokalearen eta Frantziako hondartzaren artean. Askotan gertatzen da surflari batek taula galtzea, baina, aldiz, ez da batere ohikoa hainbeste kilometro egin ostean norbaitek surf taula aurkitu eta jabea nor den asmatu ahal izatea.