Izurrite osasuntsua
Hamaika irakurtzeko jaioak gara gero! Hirutan irakurri behar izan dut, lehenengoan eta bigarrenean ezin sinetsian bainengoen. Are gehiago, hirugarrenez leitu aurretik atsedena hartu behar izan dut, burua lasaitzeko. Hara!, pentsatu dut, aste gogorra izan da nirea eta, beharbada, ez daukat burua prentsa irakurtzeko behar bezain fresko. Hortaz, behatzetako atzazalak mozten eman dut denboratxoa, behatzen arteko lohia bera ere askatzen nuen bitartean, dena konpost kutxara biltzeko. Hor konpost! Aulkira bueltan, egunkaria berriro eskuan, eta hara, hirugarrenez! Bada, bai, ondo irakurria nuen hasieratik, ez da irudikeria izan. Horra! Behean den Estatu antzeko horretako Defentsa buruak, horrena burua balitz!, esan berri du gurearen hegoan den Bardean airetik bonbekin jardutea gastu sozial modura hartu behar dela. Akabua! Orain ulertzen dut nik Ipar Atlantikoaren defentsarako Troikako tropek urruneko hainbat herrialde inbaditu izana. Normala gero! ikusita aurrekontu publikoaren zer zati dedikatzen dioten 0-3 urte tarteko umeen hezkuntzari zentzuzkoa da, oso, inbadituak izana, inbertsio hori gastu militarren zerrendara baitoa. Arma tiro pum! Bardeako eremu latz horretan. Hegazkinen gripeak tropa horietako abioak hartuko balitu sikiera, izurrite osasuntsua izango litzateke. Bitartean, behintzat, desagertu daitezela radar demokratikotik! Ene, ene, mundu aldrebesa!
Eskerrak oraindik izan badela ganora buru askoan. Aurrera papera atzera papera ilustratzen nago beste batzuen antzera, eta hara!, Bardeatik ez urruneko lursailetan nekazariek usadiozko ureztatzearen aldeko apustua egin dute, Nafarroako Ubidearen bulegotik heltzen zaizkien uhandre kantuei jaramonik egin ez. Eta pentsatzen hasita, segituta, hobeto esanda, zergatik dena berritzen setatu? Ikerketa gehi Garapena gehi Berrikuntza zer hori tabu hartzeak, beste edozein tabutan bezala, aurreranzko ihesbidetik garamatza, ez arrazoizko bidetik. Akaso ezin dira gauza batzuk dauden legetxe utzi? Edo, are gehiago, atzerantz egin aurrerakeriak itsutu ez gaitzan? Garapen guztiek ez gaituzte garatu bihurtzen. Ez horixe. Eta argi diot, badaezpada: gogoeta honek ez du interes elektoralik, zin dagit! Eta horrela hartzen duenak jakin beza niri sortutako mina aurretik aitortzen diodala... badaezpada ere.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
