Nagore BELASTEGI
ERAKUSKETA IRUNEN

Remigio Mendiburu, material pobreen artista

Euskal arteari identitate berri bat sortzen lagundu zion Remigio Mendiburu artista hondarribiarrak. Gaur taldeko kide izan zen eta heriotzak bere sorkuntza goizegi eten bazuen ere, egun garaikideak diren lanak egiteko moldatu zen. Esku artean izan zituen materialak: soberakinak.

Gure aita zen, aita normala intimitatean. Edonoren aita bezalakoa», gogoratu dute Inotsik eta Ekantzek Remigio Mendiburu artistari buruz galdetzean, bera hil zenean haurrak besterik ez baziren ere. Edurne da anai-arreba guztietan zaharrena eta berak aita nolakoa zen hobeto oroitzen du: «Bere gauzarik onena oso zintzoa zela zen. Abertzalea zen eta bere ideiei, herriari eta euskarari garrantzi handia ematen zien. Berari esker, euskara txikitatik ikasi genuen denok -kontatu digu-. Eguneroko bizitzan oso latza zen, esperientzia gogorrak bizi izan zituelako. Asko sufritzen zuen ogi zaharra botatzen genuenean, txikitan gose handia pasatu zuelako».

Inotsi, Ekantz, Hutsune, Izotz eta Edurne seme-alabentzat aita «normala» bazen ere, etxeko atetik kanpoaldera euskal kultura berpizteagatik lanean aritu zen artistetako bat izan zen. Remigio Mendiburu Gaur artista taldeko kide izan zen Amable Arias, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Eduardo Chillida, Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Luis Zumetarekin batera. Frankismoak eten zuen euskal kulturari jarraipena emateko elkartu ziren, euskal arteari identitate berri bat sortzeko eta gizarteak bere egin zezan.

Gaur taldeko kideetako batzuek ospe handiagoa izan zuten, beste batzuk gutxiago, baina horrek ez du esan nahi garrantzia maila desberdinak dituztenik. Inotsiren ustez, bere garaian kontuan hartu ziren zenbait faktoreren batuketaren ondorioz, bere aitak ez du, adibidez, Oteiza edo Chillidaren ospea lortu. «Gainera, gazte hil zen -59 urte zituela-. Beste batzuk zahartzean egin ziren ospetsu», azaldu digu Irunen ikusgai dagoen erakusketara bisita egin dugunean. Ekantzek, aldiz, uste du komertziala izateari garrantzia gutxiago eman ziola, hau da, artelanak ez zituen publikoak goraipatu zitzan egiten, baizik eta bere ideiak kanporatzeko espresio bide bezala erabiltzen zituen. «Lanak saldu egin behar zituen arteak jaten ematen ziolako, baina bere lehentasuna sorkuntza zen, gauza guztien gainetik».

Ospea, beraz, ez zitzaion interesatzen Mendibururi eta helburu hori ere ez dauka Juan Pablo Huercanos «Erresonantziak» erakusketako komisarioak. «Askotan, urte ugari pasatzean aztertzen dira artisten lanak eta orduan ematen zaie balioa. Gu puntu horretan gaude, Remigioren lanak oso garaikideak direlako, nahiz eta horietako asko 60ko hamarkadan egin zituen», azaldu du adituak. «Ez zuen edertasun estetikoa bilatzen. Egun, artista askok egiten dute lan lortzeko errazak diren materialekin, gertuko materialekin, krisian gaudelako. Remigiok duela 50 urte egin zituen lanak gaurkotasunezkoak dira egungo krisi sakonean, gogoetarako une honetan».

Irungo Menchu Gal erakusketa aretoan (Euskaltegiaren eraikinaren atzeko aldetik sartuz) irailaren 14ra arte ikusgai izango den erakusketak pieza txikiak eta ertainak biltzen ditu, eta batez ere bilduma pribatuetatik etorritakoak dira, horietatik asko artistaren beraren senitartekoek utzitakoak dira. «Hau da erakusketako pieza nagusia -esan du Huercanosek 2,40 metroko luzera duen burdinazko xafla batera gerturatuz-, erakusketa honen ardatz nagusia bere ibilbidean erabili zituen material `pobreak' dira. Berak askotan lantzen zituen materialak ez ziren lotzen eskultura ikonikoaren ideiarekin. Material horiek bere inguruaren erresonantziak ziren, inguruaren isla».

Beraz, kalean lortzen zituen material xumeak edota soberakinak erabili ohi zituen. Burdin xafla herdoilduak edo egur zatiak, harriak edo porlana, sokak eta arrantzarako tresnak. Arte povera korronte italiarrari jarraitzen zion, alegia, material «nobleak» ez direnak erabiliz errealitate sinboliko desberdinei erantzuten saiatzen zen. Bere ustez, eskulturak jarri ohi dugun idulkitik salto egin behar zuen gizartearen parte izateko. Askotan arozgintza herrikoian erabiltzen ziren teknikak kopiatzen zituen bere eskulturak lantzerakoan inguratzen zuen gizartera gehiago gerturatzen zen arte mota bat sortzeko, «gizatiarragoa». «Artean eta espresio bideetan berrikuntza bat gertatu behar dela sentitu zuen une jakin batean, eta ideia horrek naturaltasun osoz egiten du bat Gaur taldearen pentsamoldearekin», azaldu digu Huercanosek.

Edurne Mendiburuk, umea zela, egunero ikusten zuen lanean tailerrean. «Badago esaera bat esaten duena inspirazioak lanean aurkitu behar zaituela. Ba nire aitaren kasuan hala izan behar zuen». Oldartsua zen eta gutxitan egiten zituen bozetoak, nahiz eta lan bat hasi aurretik horrekin zer esan nahi zuen ondo pentsatzen zuen. «Bihotzeko lana egiten zuen».

Lanik kutunenak

Erakusketako pieza guztiak material pobreekin eginda daude, baina batzuk eta besteak oso desberdinak dira eta ez da zaila gehien gustatzen zaiguna aukeratzea. Seme-alabei aitaren lanetatik zein aukeratuko luketen galdetzeak, berriz, ez dauka erantzun erraza. Alabari erakusketako pieza nagusia gustatzen zaio. «Aurrez aurre ikusi dugun lehen aldia da -Monika Basterretxearen funtsetik dator-. Uste baino handiagoa da!». «Katalogoan neurriak jartzen ditu, baina ez genuen imajinatzen horrelakoa zenik», baieztatu du Ekantzek.

Semeak, berriz, aitaren iraganaren berri ematen digun pieza nahiago du: «La noche del exilio». Remigioren aita gudaria zen eta erbesteratu egin behar izan zuten. Ihesean ari zirela bonbardatu egin zituzten eta goi-tentsioko dorre bat erori zen. Mendiburu kableen artean preso gelditu zen eta uste zuen elektrokutatuta hilko zela. Txakur bat kableetan lotuta gelditu zenean artistak askatzea lortu zuen. Txakurra hil egin zen eta berak aurrera egitea lortu zuen.

Artistari berari dagokionez, ordea, porlana eta egurra nahastuz egin zuen sail batez oso harro zegoen, Huercanosen esanetan. «Egurra eta porlana material antitetikoak dira: egurra pixkanaka lantzen da, higatuz, eta porlana likidoa denez momentuan ematen zaio forma. Biak batu zituen eta badirudi bi materialen arteko besarkadak sortzen dituela, egurraren hutsuneetan porlana dago eta alderantziz. Egurrari markak egin zizkion eta porlanari, forma perfektua izan ez zezan, kaleko harriak gehitu zizkion», aipatu du komisarioak.

Artea, denona

Familia askorentzat ez da erraza izaten etxean dituzten lanak publikoki erakustea, euren bizitzaren parte den zerbait erakustea dela sentitzen baitute. Mendiburu-Inda familia, berriz, pozik dago Remigioren lanari argia ematen lagundu dezaketelako. «Bidasoa bere etxea zen eta bere lanak hemen erakustea esperientzia baikorra izaten ari da», adierazi du Inotsik.

«Artelan hori norbaitek du etxean, baina ondare publikoa da, denona. Lan horiek ez ziren dibertsiorako egin, gogoeta egiteko baizik, eta horregatik zentzu handiagoa dauka publikoaren esku jartzeak. Remigiok ez zuen pentsatu pieza horiek egunen batean jabe bat izango zutenik», azpimarratu du Huercanosek.

Remigio Mendibururen seme-alabek ez dituzte aitaren pausoak jarraitu. «Akaso, nire bikiak, Izotzek -aipatu du Ekantzek-; beira eta egurra lantzen du eta, forma figuratiboak sortu beharrean, abstrakzioaren bidetik jotzen du». Hala ere, aitaren lana gertukoa dute, artea maitatzen irakatsi zielako. «Oso oroitzapen onak dauzkagu. Gauza asko irakasten zizkigun. Zortea dugu artea baloratzen irakatsi zigulako eta hori aberasgarria izan da», aipatu du Inotsik. Orokorrean, interesa zuen edonori lana nola egiten zuen erakustea gustatzen zitzaion, batez ere haurrei. Tailerrean lan egiten ari zela eskoletako haurrak joaten ziren ikustera. Bere seme-alaben irudimena eta sormena lantzen ere saiatu zen. «Lamina batzuk kopiatzeko eskatzen zigun eta horiekin nahi genuena egiteko askatasuna genuen. Jolas moduan aritzen ginen marrazten», oroitu du Ekantzek.

GAUR TALDEA: Euskal artearen pizkundea

Frankismo garaia zen eta euskal kultura errepresioa jasaten ari zen. Horri aurre eginez, artista talde bat elkartu zen muga guztiak hautsi eta nazioarteko abangoardiarekin harreman berriak sortzeko asmoz. Jorge Oteizak lau talde osatzeko proposamena egin zuen: Gaur (Gipuzkoan), Emen (Bizkaian), Orain (Araban) eta Danok (Nafarroan). Gaur taldea izan zen eragin handiena izan zuena eta zortzi artistak hartu zuten parte bertan; Oteiza berak, Remigio Mendiburuk, Rafael Ruiz Balerdik, Eduardo Chillidak, Amable Ariasek, Jose Antonio Sistiagak, Nestor Basterretxeak eta Jose Luis Zumetak.

1966ko apirilaren 28an Donostiako Barandiaran Galerian zabaldu zuten euren lehenengo erakusketa kolektiboa. Zortzi artistak oso desberdinak ziren, baina helburu berberak batzen zituen. Diziplina anitzeko taldea zen: eskultura, poesia, pintura, zinema... Urte eta erdi iraun zuen Gaur taldearen jarduerak (batez ere Chillida eta Oteizaren arteko liskarrengatik utzi zuten bertan behera), baina nahikoa izan zen euskal artea berpizteko. N.B.