Hiru mailatan banatuta jokatuko da Buruz Burukoa

Lehen kanporaketetan hamabina aizkolari izango dira, eta lan laburrak egingo dituzte. Onenak iazko sailkapenaren arabera joango dira lehian sartzen.

Guztira 70 aizkolarik hartuko dute parte aurten jokatuko den Buruz Buruko Urrezko Aizkoran. Aurten, gainera, «Eusko Label 25 urte» izenarekin jokatuko da lehiaketa, atzoko aurkezpenean aditzera eman zutenez. Txapelketa bera gaur eguerdian zen hastekoa Bilboko Matiko auzoan, baina Iñaki Azkuna alkatearen heriotza dela-eta hainbat ekitaldi atzeratu dira Bizkaiko hiriburuan, tartean gaur eguerdiko saioa.

Aurten ere hiru mailatan banatuta jokatuko da txapelketa: maila nagusia -aizkolari guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera-, 18 urtez azpikoak -2014an 19 urte egiten dituztenek ere parte har dezakete-, eta 23 urtez azpikoak -2014an 24 urte egiten dituztenek ere izango dute lehiatzeko aukera-. Hasiera batean, kanporaketak oso azkarrak izango dira, zeinek enbor bat moztu. Aldiz, txapelketak aurrera egin ahala, lana ere gehitzen joango da, aurreko urteetan gertatu den bezalaxe.

Hasiera batean gaur zen izatekoa lehen saioa, baina azkenean apirilaren 5ean abiatuko da txapelketa Zegaman. Gaur atzeratu den saioa, berriz, apirilaren 6an jokatuko da, oraindik ere leku segururik ez daukan arren. Apirilaren 12an, bestalde, Etxebarrin jokatuko da saioa. Oraingoz horiek dira lotuta dauden lekuak. Finalak ere badu data, izan ere, ekainaren 8an jokatuko da Azpeitian. Txapelketa hasi zenetik bai bakarkako eta baita binakako finalak ere bertan jokatu dira, eta aurtengoan ere horrela izango da.

Berriak

Horrenbeste aizkolariren artean, berriak ere etorri dira. Azkargorta, Berasategi, Arakama, Alberdi eta Zelai III.a izango dira berriak. Lehen laurak gipuzkoarrak dira, eta, azkena, berriz, bizkaitarra. Horietako bi, Azkargorta eta Arakama, berri-berriak dira, ez baitira plazan inoiz ibili.

Berasategik, berriz, pasa den azaroan jokatu zuen apustua Esnaola lagun zuela, eta Zalduaren eta Dorronsororen aurka neurtu zen. Alberdi, bere aldetik, pasa den udan Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketan atera zen, eta Zelai gazteak ere oso saio gutxi egin ditu plazetan. Beraz, denak ere berriak eta jendearentzat ezezagunak izango dira. Urrezko Aizkoran urtero ateratzen dira aizkolari berriak, eta aurtengo denboraldian ere ez dira faltako, jendeak ere hori eskatzen baitu.

Ikusmin handia piztu du Aiako idi-proba apustuak

Gaur gauean, 22.00etan, Aiako probalekuan jokatuko den idi-proba apustuak sekulako ikusmina piztu du. Alde batetik Lopategiren uztarria arituko da, eta, bestetik, Elosegirena. Azken honek 28 minutu izango ditu lanerako, eta lanean hasten lehena izango da. Elosegiren idiek, aldiz, 30 minutu izango dituzte lanerako. Uztarri bakoitzak 1.700 kilo pisatzen dituen Urgain harria erabili beharko du; hori bai, harriari 200 kilo gehiago erantsiko dizkiote. Dirutan, berriz, alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu. J.L.