Jon LEUNDA
Harri-jasotzea | Desafioa

Aimar Irigoien Izeta IV.aren aurka aritzeko prest dago

Errezildarrak arroa erdi bateko abantaila emango lioke, eta 125 kilotik gorako harriekin jokatuko lukete apustua.

Apustuak modan daude, batez ere aizkoran, baina harri-jasotzen ere handi eta ikusgarri bat egiteko zorian egon daiteke, Aimar Irigoienek apustua jokatzeko deia luzatu baitio Izeta IV.ari, Izeta II.aren semeari.

Zarauztarrak orain dela hilabete batzuk bota zuen desafioa, Aimar kenduta edozeini jokatzeko prest zegoela adieraziz, baina ez zaio kontrariorik agertu. Hori kontuan hartuta, errezildarra prest dago berari jokatzeko, arroa erdi bateko abantaila emanda; 6,250 kiloko abantaila eman da, alegia. Bera 125 kilotik hasi eta hortik gorako edozein harrirekin jokatzeko prest egongo litzateke, eta hamar minutuko hiru txandatara jokatu nahiko luke apustua.

Horretaz guztiaz eta gainerako xehetasunei buruz hitz egiteko, Aimar Irigoien datorren larunbatean, martxoaren 29an, Azpeitiko Landeta auzoko Mendizabal jatetxean egongo da Izeta gaztearen zain, 20.00etatik aurrera. Apustua gauzatuko balitz, jende asko bilduko litzateke inolako zalantzarik gabe.

Orain dela urte gutxi, Aimar Irigoien bera Izeta II.arekin neurtu zen, orain desafioa bota dion Izeta IV.aren aitarekin. Mutikotan, gainera, makina bat saio elkarrekin egindakoak dira biak. Une honetan bai errezildarra bai zarauztarra ere sasoi bikainean dauden harri-jasotzaileak dira, eta zaleek gustura ikusiko luketen neurketa da. Kinta berekoak dira, biak gazteak, eta harri-jasotzea indartzen lagundu duten bi ikur ere badira. Datorren larunbatean jakingo da ea apustu batean neurtuko diren edo ez.

Idi-probak

Idi-probetan, herenegun gauean Aian jokatu zen apustua Zaldibiako Elosegiren uztarriak irabazi zuen, nahiz eta oso tarte txikia lortu zuen; Lopategiren uztarriaren aurka jokatu zuen neurketa. Jendetza handia batu zen Aiako probalekuan. 700 ikusle inguruk erabat bete zituzten probaleku harmailak, eta horrek berak argi erakusten du zer-nolako ikusmina piztu zuen apustuak.

Uztarri bakoitzak 1.700 kilo pisatzen dituen Urgain harria erabili zuen; hori bai, 200 kiloko zama erantsita. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen dirutan. Aurrez iragarrita zegoen moduan, Lopategiren uztarria plazaratu zen lehenengo, eta 28 minutu izan zituen lanerako. Tarte horretan 61 plaza eta zinta bat egin zituen. Idi hauek Lopene eta Lopategi izan zituzten itzain. Atzetik atera zen Elosegiren uztarria, eta honek 30 minutu zituen lanerako. Berak hautsi egin zuen bizkaitarraren idiek egindako marka, guztira 61 plaza eta 2 zinta egin baitzituen. Urrutia eta Telleria aritu ziren itzain lanetan.